"Euskal Herriak bakea behar du". Lelo hori eta antzekoak erabilita egin dituzte elkarretaratzeak Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta. "Behin betiko urratsak" egin ditzaten eskatu diete Espainiako eta Frantziako gobernuei auziaren konponbidea lortzeko bidean. Nazioarteko "eragile demokratikoei eta progresistei" ere eskatu diete bakea gauza dadin eragin dezaten, Camino Saiz Eilaseko kideak gainerako eragileen izenean esan duenez.
Orain arte erakutsi duten jarrerak, ordea, ez du laguntzen bide horretan, eragile sozial, politiko eta sindikalek salatu dutenez. "Egunotako jarrerek, atxiloketek bezala, ez dute laguntzen bake agertoki bat finkatzen, eta horixe da hain zuzen euskal gizarteak eskatzen duena", Bakartxo Ruiz EH BIlduko parlamentariak Iruñean esan duenez.
"Euskal gizarteak behin betiko bakea lortzeko konpromisoa berretsi du beste behin", eta "gobernuek borondatea politikoa" izan beharko luketeela gogorarazi dute, konpromiso horrekin bat egiten dutela erakusteko.
Ekimen gehiago bultzatuko dituzte gatazkari konponbidea emateko urratsak egin aldera, besteak beste,maiatzaren 18an 200 plazetan presoen giza eskubideen alde egingo dituzten kontzentrazioetan parte hartzera deituz.