Gauerdian da Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskunde kanpaina, ETAren indarkeria lekuko izan gabe. Urriaren 20an adierazi zuen ETAk armak behin betiko utzi dituela, eta hilabete zehatzera, azaroaren 20an, izango dira hauteskundeak Espainiako Estatuan. Kongresuko 350 eserlekuak eta Senatuko 264 eserlekutatik 208 daude jokoan. Gorteak osatzearekin frankismoa bukatu zenetik XI. legegintzaldia hasiko da.
Lehendabiziko ekitaldiak
EAJk Gasteizen ekingo dio kanpainari, 22:30ean. Josu Erkoreka, Arantza Tapia eta Emilio Olaberria Kongresurako zerrendaburuak eta Iñigo Urkullu EBBko lehendakaria izango dira.
Gasteizen hasiko du kanpaina PPk ere, 20:00etan. Antonio Basagoiti EAEko alderdiko burua bertan izango da.
PSE-EE Donostian izango da, 22:00etan, eta Patxi Lopez idazkari nagusiaz gain Odon Elorza, Eduardo Madina eta Ramon Jauregi Kongresurako zerrendaburuak bertaratuko dira.
Amaiur koalizioak Portugaleten emango dio hasiera kanpainari, 19:30ean; Iñaki Antiguedad, Rafa Larreina, Jonhatan Martinez eta Jon Iñarritu hautagaiak ariko dira ekitaldian.
Ezker Anitza-IUk Bilboko bere egoitzan egingo du ekitaldia. UPDk ere bai.