G20 osatzen duten Estatu eta Gobernu buruak gaur bilduko dira Etxe Zurian goi bilerari ekiteko. Egungo krisiaren antzekorik berriro gerta ez dadin, nazioarteko finantza sisteman epe ertainera eta luzera zein neurri hartu behar diren erabakitzea da gaur Washingtonen (AEB) hasiko den goi bileraren helburua.
Bileran, baina, iritzi kontrajarriak izango dira. Izan ere, Europako Batasunak, herrialde azpigaratuek eta garapen bidean daudenek sistema kapitalista berrikusi beharra babesten duten bitartean, AEBren arabera, kapitalismoak bere horretan jarraitu behar du. Bestalde, Europako Batasunak 100 egunen epe mugan finantza sektorean erregulazio handiagoa ezarri nahi du eta horren alde egingo du bileran. AEBek, aldiz, neurri horiek zuhurtasunez ikusten ditu. Garapen bidean dauden herrialdeen nahia nazioarteko gobernu organoetan ordezkaritza gehiago izatea da, Munduko Bankuan eta G8an, kasu.
G20ko goi bileran, Erresuma Batuaren ekimenez, ekonomiaren atzeraldiari aurre egiteko ekimen bateratu bat gauzatzeko aukera mahai gainean izango da. Plan horrek adostasun handiena izango duela aurreikusten da. Dena den, bileraren emaitzak ez dira espero bezain zehatzak izango, besteak beste, Bushek agintaldia bukatzear duelako eta Barack Obama, bere ondorengoa, ez delako bertan egongo. Gainera, G20ko herrialdeak ez dira bat etortzen nazioarteko finantza sisteman eman beharko liratekeen aldaketen inguruan eta horrek neurri zehatzak hartzea oztopatzen du.
Gaur hasiko da finantza sistema sendotzeko G20ko goi bilera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu