Eusko Alkartasunako eta Aralarreko gazteek ere ongi hartu dute ETAk atzo ezagutarazi zuen agiria. Gazte Abertzaleek esan dute "beharrezko osagarria" dela "Euskal Herri independente, alternatibo eta baketsu bat lantzeko garai honetan". Gainera, Gernikako Akordioa alde horretatik aurrerapauso ikaragarria izan dela nabarmendu dute. Gaur atxilotutako bi zarauztarrak ere gogoan izan dituzte: "Aniztasuna zaindari familia desberdinetako eragileak parte hartzen ari garen prozesu honetan, gogor salatzen dugu geure herrian bortizkeriarik gabeko egoera baten alde lanean diharduten gazteak oraindik jazarriak, torturatuak eta atxilotuak izatea, terrorismoa sustatzea helburu duen erakunde bateko partaide izatea egotzita".
Aralarreko gazte erakunde Iratzarrik ere aurrerapausotzat eman du ETAren agiria, baina, hori esatearekin batera, Gernikako Akordioa "oso-osorik" betetzeko eskatu dio ETAri. Armak uzteko ordua dela esan du Iratzarrik, eta prozesuaren itzuliezintasuna exijitzekoa. "Bakea lortzea inoiz baino gertuago dagoenean" bide hori oztopatzea onartezina dela gaineratu du, eta "indar politiko guztiak legeztatzeko" eskatu du, "berriro ere". "Aralarreko gazteok Euskal Herri aske, baketsu eta plural baten alde borrokatzen jarraituko dugu. Horretarako, herri honetako beste gazte erakundeekin batera, bakegintzaren aldeko foroak bultzatzen jarraituko du Iratzarrik".
Gazte Abertzaleek esan dute agiria "beharrezko osagarria" dela, eta Iratzarrik aurrerapausotzat jo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu