Gehiegikeriak

2013ko apirilaren 21a
10:45
Entzun

Progenika Biopharma enpresa bizkaitarraren zuzendari den Antonio Martinezen arabera, Myriadek bere eskubideekin gauzak muturreraino eraman izanak, haren gehiegikeriek, auzitan jarrarazi ditu atzera orain arte, esaterako, diagnostiko genetikoaren alorrean oinarrizkoak ziren arauak. AEBetako Auzitegi Gorenaren okerreko epai batek diagnostiko genetikoetan gutxiago inbertitzea ekar lezakeela uste du. "Gauzak muturreraino eraman dira. Eta jendea dardarka jarri da. Izan ere, ni geneen aldaerak ikertzen ari banaiz gaitzak diagnostikatzeko edo sendagaiak garatzeko, ezin baditut horiek babestu, ba ez dut horretan ikerketarik egingo".

"Gene sekuentziak naturaren produktuak dira, baina zuk ahalegin bat egin duzu horiek identifikatzen eta ezaugarritzen. Kontua da ezin dudala babestu gene aldaera hori edozer gauzatarako. Orain, aldaera hori gaitz baten diagnostikoari edo tratamenduari lotutakoa denean... Adibidez, gu prostatako minbizia ikertzen ari gara. Ikusi dugu gizon batek aldaera jakin batzuk baditu hiru genetan haren minbiziak merezi duela tratamendu gogorragoa, erradioterapia, esaterako. Duela gutxi argitaratu dugu hori; lan bikaina dela esan digute. Baina nik lan hori ezin badut babestu, edozeinek kopiatu badezake diagnostiko testak egiteko, gure ahaleginak ez digu ezertarako balio. Ez genukeen hori ikertuko". Alegia, patenteek ikerkuntza oztopatu dezakeela diotenen aurrean, patenterik ez egoteak ere ikerkuntza oztopatu dezakeela dio Martinezek: "Patenteak beharrezkoak dira; bestela, inbertitzaileek ez lukete dirurik jarriko eta ez litzateke ikerketarik egingo. Ikerkuntza enpresek edo gobernuek egin dezakete, eta orain, behintzat, gobernuek ez dute horretarako dirurik".

Progenikako zuzendariaren arabera, gehiegikerien aurkako irtenbidea lanak babestea, patentatzen uztea da, baina haren erabilerarako erraztasunak izatea bermatuz. "Ados, zuk etekina lortu behar duzu asmaketarengatik, baina izan dadila, adibidez, besteei lizentziak salduz edota besteen lanen etekinen gaineko royalty-en bidez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.