A. Azpilikueta
1960ko hamarkadako Nafarroan girotu zuen Montxo Armendariz zinemagileak Bihotzondoko sekretuak filma (1997). Eszena bat Iruñeko autobus geltokian gertatzen zen. Geltokia apenas itxuraldatu behar izan zuen Armendarizek, ia betidanik izan baitu orain duen itxura zaharkitua. Horren erakusgarri, duela urte nahikotxotik sare batek inguratzen du lehen solairu osoa, eraikinari zatiak erortzen baitzaizkio.
Hala, badirudi ez diotela eraikin zahar horri eutsiko. Zurrumurru asko zabaldu dira Iruñean, horren inguruan, eraikin hori El Corte Ingles saltoki handiaren ondoan baitago, baina agintariek ez omen dute deus ere erabaki. Oposizioaren eraginez, orubea «hornidurarako erabilera» izanen duela erran izan dute, gehiago zehaztu gabe. Hori bai, Eguberrietako izotz pista aurten autobus geltoki zaharrean zabalduko dute, azaroaren 29an. Eta urtero hor paratuko dute, eraikina eraitsi arte. Zenbait iruindarrek eskatu dute eraikinaren ezaugarri diren zatiei eusteko, hala nola erlojuari, Iruñeko armarriari eta zodiakoa biltzen duen horma-irudiari.
Autobus geltoki zaharra 1934ko azaroaren 17an inauguratu zuten. Autobusak gelditzeko tokiak eta txarteldegiak eraikin berean bildu zituen Europako lehen geltokietarikoa izan zen. Gastuak txikiagoak izan zitezen, gaineko solairuetan Udaleko langileendako etxebizitzak egin zituzten. Eta 1950eko hamarkada arte tren geltoki moduan ere funtzionatu zuen, ondoan gelditzen baitziren Plazaola eta Irati trenak [www.berria.info/bideoak.php webgunean bada geltoki zaharrari buruzko bideo bat].
Iruñeko zenbait familiaren historia kontatzen du geltoki zaharrak. Konparazio batera, Arbeloa familiak ia betidanik eraman izan du geltokiko kafetegia. Geltoki berrikoa ere beraiek eramanen dute. Bertze batzuek, ordea, zailagoa izanen dute geltoki berrirako saltoa. Asteazkenean, CCOO sindikatuak adierazi zuen kontsignako langileak kaleratu dituztela eta ez dituztela geltoki berrian hartuko. Azysa-Gea21 enpresak, ordea, erran du langileak kaleratu bai, baina berriz kontratatzeko proposamena egin duela. Nolanahi ere, CCOOk -idazkari nagusia buru- hori salatzeko elkarretaratzea eginen du gaur, 12:00etan, geltokiaren aitzinean.
Geltoki zaharraren eta langileen patua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu