Gemma Zabaleta (PSE-EEko kidea).
«Beti salatu izan dut kartzela zigorra jarri izana, eta mezu hori ematera etorri naiz»â€‹
EH Bilduko agintariekin eta atzerriko beste alderdi batzuetako ordezkariekin batera, PSE-EEko partaide bat ere izan zen atzo Donostiako belodromoan: Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia. Kazetarien aurrean ere mintzatu zen —euskaraz eta gaztelaniaz—. Nabarmendu zuen Arnaldo Otegi eta Rafa Diez espetxean eduki izanaren aurka dagoela: «Beti salatu dut kartzela zigorra ezarri izana, eta mezu hori ematera etorri naiz». Belodromoko ekitaldira «herritar soil eta xume gisa» joan zen Zabaleta, «ekarpen txiki bat» egiteko helburuarekin.
Marian Beitialarrangoitia (EH Bilduko diputatua)
«Espero dut ilusio eta indar sortzaile izango dela Euskal Herria eraikitzeko»
EH Bilduko ordezkaritza zabala izan zen atzoko ekitaldian, koalizioa osatzen duten lau alderdietako kideekin. Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak pozarren hartu du Otegi kaleratzea: «Espero dut ilusio eta indar sortzaile izango dela etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko». Haren pisua nabarmendu du: «Otegik ibilbide luzea du, animalia politikoa da, ekarpen handia egin duen pertsona, eta etorkizunean ere ekarpen handiak egingo dituena». Atzokoaren gisako egunak «askotan» ikusteko itxaropena du, preso guztiak kaleratuta.
Isaac Peraire (ERCko ordezkaria)
«Une honetan, Euskal Herriaren eta Otegiren alboan egon nahi dugu»
Kataluniak lekua izan zuen ekitaldian: hango ordezkari politikoak baziren ekitaldian, eta publikoan, hango bandera bat baino gehiago. ERCko Antolakuntza idazkariorde Isaac Perairek adierazi zuen babesa agertzera etorri zirela: «Une garrantzitsu honetan, Otegiren eta Euskal Herriaren alboan egon nahi izan dugu». Espainiaren menpeko herriek «errekuperazio nazional» garaia dutela eta horretan lan egin nahi dutela esan zuen. CUPen ordezkari Albert Botran gatazkaren inguruan mintzatu zen: «Arazo politiko bat dago, bide politikoetatik konpondu behar dena».
Kgalema Motlante (Hegoafrikako presidente ohia)
«Otegi askatzeak ekarpena egin behar dio bake zubiak jartzeari»
Hegoafrikako presidente ohi Kgalema Motlantek «preso politikoen etxeratzea» eskatu du gutun baten bidez. Apartheid-a gogoan, mezu hau bidali du: «Ez dago ezer bake konpromisoak gainditu ezin duenik». Bide horretan, «indarkeriari uko egin izana» pozgarri dela nabarmendu du Motlantek, eta Otegiren pisua goraipatu: «Otegi askatzeak ekarpena egin behar dio bake zubiak jartzeari». Haren ustez, prozesu «barneratzaile» bat jarri beharko litzateke martxan Euskal Herrian, horrekin gatazkari «soluzio bakezkoa eta behin betikoa» eman ahal izateko.
Gerry Adams (Sinn Feineko presidentea)
«Prozesua aurrera doa, eta dei egiten diot Espainiako Gobernuari»
Gutun gisa bidali zuen elkartasun mezua Gerry Adamsek ekitaldira. Sinn Feineko kideak «ongietorria» egin nahi izan dio Otegiri, eta «babesa eta elkartasuna» agertu dio. Otegik izandako «lidergoa eta balioa» goraipatu ditu gutunean Adamsek. Bake bidea hartu du hizpide: «Bake prozesua aurrera doa. Espainiako Gobernuari dei egiten diot egoera hobetzeko». Besteak beste, euskal presoen egoera «ezin toleratuzkoa» dela ohartarazi du, eta hori gainditu egin behar dela. Otegiren ekarpena bide horretan «positiboa eta eraikitzailea» dela adierazi du.
Nazioarteko Harreman Taldea
«Konpontzeke dauden gaiak lantzeko balia daiteke aukera hau»
Arnaldo Otegi aske utzi izanaren harira, ohar bat argitaratu du NHT Nazioarteko Harreman Taldeak. Espainiako eta Frantziako gobernuei dei egin die, bake bidean pausoak eman ditzaten. Horretan Otegiren askatasuna «katalizatzaile» gisa erabil daitekeela uste dute taldeko kideek —besteak beste, Brian Currin dago hor—: «Konpontzeke dauden biktimen, presoen eta desarmearen gaiak lantzeko balia daiteke aukera hau». Otegi kartzelan edukitzea «oztopo» izan dela adierazi du taldeak. «Bakearen alde lanean jarraituko duen esperantza dugu».