Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak uste du ostegunerako deitutako greba orokorra "muturreko baliabidea" dela, "muturreko lan erreforma baten testuinguruan".
Zabaletaren arabera, greba orokor bat "ez da inoiz positiboa", ekonomian "geldialdia" dakarrelako. Hala ere, deialdia "bateratua" izateak "gogoeta sakon bat" eragin behar duela azaldu du, lan erreformak izango dituen "ondorioen" inguruan.
"Kaleratzea gehien erraztuko duen lan erreforma da, inongo ordainik eta langileentzako segurtasun neurririk gabea", esan du Zabaletak.
Hala ere, Jaurlaritzako Lan sailak "greba eskubidearen eta greba egingo ez dutenen eskubideen alde" egingo duela gaineratu du.