"Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu alderdi politikoa ez legeztatzeko hartu duen erabakiak euskal gizartearengan eragindako egonezinaren jabe gara. Azken batean, Sortu ez legeztatzeak Espainiako Estatuak euskal herritarren oinarrizko eskubide zibil eta politiko guztiekiko duen begirune eskasa berriro agerian uzten du. Gure iritziz,
bake eta normalizazio politiko agertoki baterantz bidean, giza eskubideak oinarri izanik, eskubide zibil eta politiko guztiekiko begirunea ezinbestekoa da.
Tamalez, Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiak berriro ere Espainiako Estatuak duen heldutasun demokratiko eskasa erakutsi du. Gernikako Akordioa izenpetu dugun eragile guztion aburuz, Espainiako Estatuak legalizazioak eta jarduera politiko guztien normalizazioa kontrapartida politikorik eskatu gabe eman behar ditu.
Gauzak horrela, ez dugu zalantzarik erabaki berri honen bitartez Espainiako Estatuak Euskal Herrian abian dagoen bake eta normalizazio prozesua zapuztu nahi duela. Gainera, Auzitegi Gorenaren erabakia ez da, zoritxarrez, uharte bat ozeano zabalean, ezta gutxiago ere. Azken hilabeteetan Estatuak Euskal Herrian behin eta berriz oinarrizko eskubideen aurkako jarduera latzak kateatu egin ditu, besteak beste lazgarriak izan diren tortura kasuak eta ez du izan jarrera irekia eta prest gatazka konpontzeko baizik eta guztiz kontrakoa.
Badakigu Euskal Herriko jendarteak bake eta normalizazio politiko agertokia nahi eta behar duena. Badakigu Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialak eskaera honekin bat egiten duena. Hargatik, Gernikako Akordioarekin bat egin dugun eragileok Espainiako Estatuak euskal jendartearen gainean etsipen zama astuna utzi nahi duela pentsatzen dugu.
Gernikako Akordioa sinatzen dugunok Euskal Herriko jendarteari gaurkoan ere prozesu honen motorea izan behar duela jakinarazi nahi diogu, berari eta bakarrik berari prozesu honetako protagonismo guztia baitagokio. Gure lana jendarte horren mesedean tresnak jartzea da, prozesuaren baitan dagokion protagonismoa har dezan tresnak eskaintzea, hain zuzen ere. Luze jotzen duen ibilbidea egiteko tresna berriak, tresna desberdinak eskaintzeko konpromisoa hartzen badugu ere, gaurkoan etsipen oro gaindituz bidea eginez segitzeko tresna zehatza jarri nahi dugu Euskal Herriko jendarte osoaren esku: apirilaren 2an, Bilbon Casillatik 17:30ean abiatuko den nazio manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen diogu. Euskal Herriarentzat normalizazioa. Legalizazioa orain! lelopean Bilboko kaleak legalizazioa eta jarduera politiko guztien normalizazioa nahi dituen gizarte oso baten bozgorailuak izango dira".