Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak gaur salatu du Espainiako Gobernua ez dela "gai" izan Gernikako bonbardaketaren inguruko "egia onartzeko", eta gertatutakoa azal dezan eskatu dio, Efe berri agentziari egindako adierazpenetan.
"Espero dut gobernuak esatea: bai, Gernika Francoren aginduetara bonbardatua izan zen", azaldu du Gorroñok. Gobernuari "gezurrak" esatea ere leporatu dio.
Gorroñok gogorarazi du Gernika "askatasunen sinbolo" dela, eta "Europako demokrazia antzinenetako bat irudikatu" egiten duela.
Horrekin batera, Pablo Picassoren Guernica margolana Madriletik Gernikara eramateko eskatu du. Haren arabera, gobernuak "aitzakiak" jarri ditu margolana Gernikara ez eramateko, lana lekualdatzeak dituen "arriskuak" argudiatuta.