Arriskutsuegia da Libano hegoaldeko hainbat herritara iristen saiatzea. Horixe salatu dute Libano hegoaldeko herrietara giza laguntza eramateko asmoz lanean ari diren nazioarteko giza laguntzarako taldeek. Izan ere, hegoaldeko herri horiek dira Israelgo Armadaren eta Hezbola milizia xiitaren arteko borrokek gehien astindu dituztenak.
“Libano hegoaldeko hainbat herritara iristeko asmoa genuen, baina bertan bizi den indarkeria maila altuaren eraginez, ezinezkoa da gure helburua betetzea”, azaldu du Annick Bouvier Nazioarteko Gurutze Gorriaren Batzordeko kideak. “Oso kezkatuta gaude, bakartuta dauden herri horietako biztanleek laguntza behar dute”, gaineratu du.
Giza laguntzak Libanora eramateko zailtasun handiak izan dira, liskarrak hasi zirenetik. Batez ere, Israelgo Armadak Beirutera ailegatzeko bide nagusiena bonbardaketabatean suntsitu zuenetik.
Zifra berriak, hildako gehiago
Libanoko agintariak etengabe ari dira zenbaketa lanetan, etengabe ematen dituzte Israelgo Armadaren eta Hezbolaren artean borrokak hasi zirenetik hil diren libanoarren datuak.
Gaur, Israelgo Osasun ministro Mohamed Jalifek ziurtatu duenez, dagoeneko 925 libanoar hil dira, Israelgo Armadak uztailaren 12an erasoaldia abiatu zuenetik. Gainera, 75 lagun desagertuta daudela jakinarazi du. Beldur dira, ziurrenik suntsitutako eraikinen hondakinen artean harrapatuta egon daitezkeelako. Bestalde, 3.000 dira dagoeneko ministroaren arabera erasoaldia abiatu zenetik zauritu diren pertsonak.
Hala ere, Libanoko Gobernuaren Laguntzarako Goi Batzordearen web orrialdearen arabera, 958 dira hildakoak eta zaurituak, berriz, 3.369. Gainera, webguneko datuen arabera 915.000 pertsonek euren etxeetatik ihes egin behar izan dute.
ekialde hurbila
Giza laguntzarako taldeek salatu dute ezinezkoa dela Libano hegoaldean laguntza eskaintzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu