Gizon bat atxilotu dute Bilbon, emaztea eta semeak jotzea eta hiltzen saiatzea leporatuta

2011ko otsailaren 1a
16:50
Entzun
Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, emaztea eta semeak azken urteetan maiz jo dituelako. Gainera, eraso horietako batean,eskuekin eztarria itoz seme nagusia hiltzen saiatu zela ere kontatu die emazteak ertzainei. Eraso horren ondoren begietako batean odol isuria izan zuen gazteak, eta lepoan hatz marka "nabarmenak" utzi zizkion. Ertzaintza haren bila ari zela gizonak bere burua ertzain etxean aurkeztu eta atxilotu egin zuten atzo arratsaldean.

Emakumeak astelehenera arte salaketarik jarri ez badu ere, erasoak azken urteetan izan direla jakinarazi du, eta gero eta bortitzagoak zirela. Azken aldiz igandean eraso omen zion, arratsaldean. Senar-emazteak etxean zeudela, gizonak iletik heldu eta armairu baten kontra jo ondoren lurrera bota zuen emakumea, seme txikienaren aurrean. Gertatutakoaren berri izan ondoren, Ertzaintza gizonaren bila hasi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.