Gorena bihar bilduko da, autoa idazteko

2011ko martxoaren 29a
10:30
Entzun

Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko sala bihar bilduko da, Sortu ezker abertzaleko alderdia ez erregistratzeari buruzko autoa idazteko. Lehengo asteazkenean jakinarazi zuen ezezkoaren erabakia, aurreko bi egunetan auzi saioak egin ostean.

Hasieran, erabakiaren berri ematean, hiru boto partikular egongo direla jakinarazi zuen Gorenaren prentsa bulegoak. Baina gerora jakin da Sorturen erregistroa ez onartzeko erabakiarekiko desadostasuna hiru boto partikular horiek adierazten dutena baino handiagoa izan dela. Gorenaren 61eko sala bitan zatitu da: bederatzi magistratuk Fiskaltza eta Estatuaren abokatuaren tesi nagusiarekin bat egin eta debekuaren alde egin dute, eta zazpik kontra. Hiruk, gainera, adierazi dute boto partikularra idazteko asmoa. Gerta liteke boto partikular horiei beste epaile batzuk atxikitzea.

Auzitegi Goreneko 61eko salan agertu den zatiketa hori berria da. Ezker abertzalearen ilegalizazioari lotutako auzi gehienetan Auzitegi Gorenak aho batez hartu izan ditu erabakiak. Salbuespenetako bat Iniziatiba Internazionalistaren kasua izan zen. Orduan salaren gehiengoak legez kanpo uztearen alde egin bazuen ere, bost epailek kontrako iritzia agertu zuten, nahiz inor ez zen ausartu boto partikular bat idazten. Azkenean Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zien epaile hauei.

Legeztatzearen kontra Auzitegi Gorenak hartutako erabakiari helegitea jarri ahal izango dio Sortuk Auzitegi Konstituzionalean. Gorenaren autoa jakinarazten duenetik 20-30 egunen arteko epea izango du Sortuk helegitea jartzeko, eta auziko beste aldeek —Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak— beste horrenbeste eguneko epea izango lukete. Auzitegi Konstituzionalak lehenik helegitea tramitatzea edo ez erabaki behar du, eta onartzen badu mamiari buruz erabaki. Ez du epe zehatzik.

Udal eta foru bozak maiatzaren 22an izango dira. Hauteskunde prozesuaren arabera, Sortuk bere kasa parte hartzeko apirilaren 8rako ordezkari orokor bat izendatu behar du Hauteskunde Batzorde Zentralean, eta ordurako Espainiako Gobernuko Barne Ministerioan alderdi gisa erregistratuta egon behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.