Oposizioko alderdiek gogor hitz egin dute Urkulluren hitzaldiaren kontra. Akordioa goretsi bai, baina hura lortzeko "urrats errealik" ez egitea aurpegiratu dio EH Bilduko bozeramaile Laura Mintegik. Hartuko dituen neurri ekonomikoei buruz esandakoak, berriz, ez zaizkio "nahikoak" iruditu. Aieteko Akordioaren alde egin zuenean EAJ "ausarta" izan zela uste du Mintegik, baina bide horretan "epel" gelditzea aurpegiratu dio. Horrenbestez, "puntu guztietan ez nahikoa" izatea aurpegiratu dio Jaurlaritzako lehendakariari.
PSE-EEk, berriz, "ajusteei" buruz hitz egiten duenean zertaz ari den zehazteko eskatu dio lehendakari jeltzaleari, eta "murrizketen traza" hartzen diola ohartarazi du. "Behingoagatik" bere bidea zein den argitzeko eskatu dio Urkulluri Isabel Celaa legebiltzarkideak. Hain justu horren araberako jarrera izango dute PSE-EEko kideek, akordioak lortzerako orduan.
Antzeko eskaera egin dio PPk ere. Arantza Quiroga legebiltzarreko bozeramaileak "indefinizio politikoa" aurpegiratu dio: "Zehazten ez dituen hitz handiak erabili ditu". Musikaren doinua gustatzen zaiela, baina hitzak jakin behar dituztela ohartarazi dio alderdi jeltzaleari.