Elkarteak nabarmendu du 2015ean gaixotasun larriak dituzten presoen zerrenda, laburtu beharrean, luzatu egin dela: "Datu honek zera adierazten digu: presoen osasun egoerak okerrera egiten jarraitzen duela eta ez dela inolako neurririk hartzen errealitate honen aurrean. Hau da, gaitz larriak sendatzeko edo kontrolatzeko guztiz desegokia den espetxealdia ez dela kasu bakar batean ere eten urte osoan".
Gorka Fraile durangarra Badajozen (Espainia) dago preso, eta martxoan baieztatu zioten mingaineko kartzinoma epidermoideoa duela. Ekainan egin zioten ebakuntza, "esposatua, polizia zaintzapean eta baldintza desegokienetan, bere garaian familiak salatu zuen bezala". Eskatu arren, ez dute onartu hura Euskal Herrira lekualdatzea, bertako osasun publikoaren arreta jaso dezan.
Lorentxa Gimon angelutarra, berriz, Renneseko espetxean dago, Crohn gaitzak jota 1991tik. "Gaitza hau bereziki mingarria da eta sintoma zein eragin digestibo zein bestelako anitzak ditu", elkarteak azaldu duenez. Epaileak haren baldintzapeko askatasuna onartu du, baina fiskalak helegitea jarri duenez, espetxean da, helegiteaz erabakitzen duten artean.
Urtearen balorazio "guztiz ezkorra" egin du Jaiki Hadik, beraz: "Dei egiten diegu berriz ere berandu baino lehen bideratzea egoera hauek, osasun eta giza arloko irizpideei jarraikiz beti ere".