Gorka Lupiañezen familiak "ardura" agertu du, hark "torturak jasan ditzakeelako"

2007ko abenduaren 8a
15:08
Entzun
Guardia Zibilak Gorka Joseba Lupiañez Mintegi atxilotu zuen herenegun Berrizen (Bizkaia), ustez ETAko kidea delako. Inkomunikatuta segitzen du, eta gaur haren familiak "ardura" agertu du, etxekoak "torturak jasan ditzakeelako". Lupiañez beste bi alditan ere atzeman izan dutela esan du haren anaia batek, eta bietan torturak jaso zituela. "Beraz, inkomunikazio egoera altxatzeko eskatzen dugu". Durangokoa (Bizkaia) da atxilotua, eta 27 urte ditu.

Sendiak ez daki Gorka Lupiañez non daukaten poliziek, eta atxiloketaren berri komunikabideen bidez jakin zutela adierazi du.

Polizia iturriek jakinarazi dutenez, Guardia Zibilak ostegun arratsaldean atxilotu zuten. ETAko Bizkaia taldeko liberatua izatea leporatzen dio Poliziak,EspainiakoBarne Ministerioak ohar batean jakitera eman duenez. Guardia Zibilaren kontrol batean atzeman zuten Lupiañez, eta arma bat eta agiri faltsuak zeramatzala diote Barne Ministerioko iturriek.

2002an atxilotu zuten lehen aldiz hura, Durangaldean kale erasoetan parte hartu zuelakoan. ETAri laguntzea leporatuta kartzelara sartu zuten behin-behinean. Fiskalak 13 urteko espetxe zigorra eskatu zuen bere aurka 2004an, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zuen eta libre utzi. 2005ean ere atzeman zuten Galdakaoko (Bizkaia) kale eraso batean parte hartzea egotzita, eta urtebete geroago, 2006an, berriro ere atxilotu zuten, Durangon, kutxa automatiko bat erretzea egotzita. Orduko hartan ere absolbitu egin zuten, akusazioak erabilitako DNA froga baimenik gabe lortu zelako.

Lupiañezen atxiloketa salatzeko, Amnistiaren Aldeko Mugimenduek (AMM) manifestazioa antolatu zuten atzo Durangon, 20:30ean. AMMek gaur salatu dutenez, Durangoko alkateak eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak ez dute kezkarik agertu Lupiañezen inkomunikazio egoeraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.