Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegian gaur amaitu dira Israel Zisjordanian eraikitzen ari den banaketa hesiari buruzko deklarazioak, eta, orain, tribunalak entzundako guztiak aztertu beharko ditu epaia eman baino lehen. Boris Heim Hagako Auzitegiko bozeramaileak agertu duenez, "hilabeteak" beharko dituzte epaia erabakitzeko.
Nolanahi ere, NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak eskatu zion Auzitegiari gai hori aztertzeko, eta, gainera, "larrialdiz" egin zezala galdegin zion. Hori dela eta, epaileek auziaren "larritasuna" aintzat hartuko dutela adierazi du Heimsek, eta lehentasuna emango diotela afera horri. 1995ean, arma nuklearren legezkotasunari buruzko larrialdiko epaia eskatu zion Nazio Batuetako Batzar Nagusiak Hagako Auzitegiari, eta orduan, zortzi hilabete behar izan zituen epaia emateko.
Astelehenetik gaur arte jardun dute banaketa hesiak eragiten dien herrialdeek beren argudioak aurkezten. Palestinarren ordezkariek adierazi dute banaketa hesiaren helburua ez dela Israelek argudiatzen duen bezala segurtasuna bermatzea, baizik eta de facto okupazioa zabaltzea. Jordania, Kuba, Indonesia, Belize, Txina, Madagaskar, Malaysia eta Senegalek ere gogor salatu dute banaketa hesiaren eraikuntza.
Israelek, berriz, ez du parte hartu epaiketan, Hagako Auzitegiari ez baitio aitortzen afera hori epaitzeko eskumenik. Nolanahi ere, Nazioarteko Justizia tribunalaren epaia ez da lotailea izango, aholku mailakoa baizik.
Ekialde Hurbila
Hagako Auzitegiak "hilabeteak" beharko ditu banaketa hesiari buruzko epaia emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu