Iragan larunbataz geroztik Arrasateko Uarkape pilotalekuan gose greba egiten ari diren Debagoieneko 15 herritarrak eskualdeko hainbat alderdiren ordezkariekin bildu ziren atzo. Eusko Alkartasuna, Ezker Batua-Berdeak, Batasuna, Aralar eta Zutik alderdiek babesa eskaini zieten euskal presoen eskubideen alde baraua egiten ari direnei. Arrasateko Herri Anitza udal plataformako hautetsiek ere bat egin zuten.
Arratsaldean prentsaurrekoa eskaini zuten. Debagoieneko hainbat alderdi, sindikatu eta eragile sozialen sostengua duen oharrak dioenez, euskal presoen aurkako sakabanaketa politikak bere horretan jarraitzen du, eta espetxe egoerak «nabarmen» egin du okerrera. «Erasoaldi bortitz horren adierazle garbiak dira larri gaixotuta dauden eta kalean egon behar luketen 6 presoak, eta zigorra beteta duten 160 presoak».
Jon Agirre Agiriano presoaren egoera gogora ekarri zuten –25 urte preso eta larri gaixotuta–, baita orain bi urte minbizia atzeman zioten Iosu Uribetxeberria presoaren egoera ere. Hala, gaixo dauden presoak eta zigorra beteta dutenak askatzeko eskatu zuten. Hori dela eta, Etxerat elkarteak hileko azken ostiraletan deitzen dituen elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin zuten.
Debagoieneko herritarrek bihar arratsaldean amaituko dute gose-greba, manifestazio batekin.
Hainbat alderdiren babesa jaso dute Debagoieneko gose grebalariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu