Lan istripuak

Hamalau dira jada aurten hil diren beharginak

2016ko martxoaren 14a
19:19
Entzun

Beltza izaten ari da urtea lan istripuei dagokienez. Ondarroako izotz lantegian egondako leherketak bi hildako utzi ditu gutxienez, eta horren estez, hamalau lirateke beharrean hildakoak LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera. Gaurko ezbeharraren aurretik transportista autonomo bat hil zen martxoak 4 zituela. Furgonetarekin izandako istripuan kolpe handia jasota zendu zen Beran (Nafarroa). Urteko lehen behargina, berriz, Otxandion hil zen lan istripuz. Maderas Kepa Atutxa enpresako langilea zuhatiz mozketan ari zen zuhaitz batek harrapatu zuenean.

2016. urtea, beraz, gaizki hasi da oso lan istripuei dagokienez. Izan ere, aurreko urteko epe berean lau hildako baino ez ziren izan lan istripuz. Eta hala ere, 2015. urteak zenbaki kezkagarriak utzi zituen lan istripu hilgarriei dagokienez. 54 heriotza jaso zituen LAB sindikatuak; 2007tik gaur arte Euskal Herrian gertatutako lan istripu hilgarri guztiak jasota dauzka, haiek nola gertatu diren azalpen labur batekin. Bada, iazko markak eten egin zuen lan istripuen beheranzko joera, 2014an eta 2013an 35na hildako zenbatu baitzituen LABek. Edonola ere, urrun geratzen dira duela urte batzuetako datuak; 2007an, esaterako, 125 hil izan ziren lanean, eta 2008. urtean, 112.

Azken urteetan izandako lan istripuen beherakada jarduera ekonomikoaren gainbeherarekin lotuta dagoela azaldu dute sarritan sindikatuek; alegia, lantegietan, eraikuntza eta bestelako lanetan behargin gutxiago daude jarduera apalagoa egiten, eta horrek azalduko luke 2007ko 125 hildakotik 2014ko 35erako jauzia.

Era berean, 2015. urtean gertatutako hildakoen hazkundeak sindikatuen tesi hori indartuko luke. Aurreko urtean jarduera ekonomikoa hazi egin da, eta, horrekin batera, baita lan istripu hilgarriak ere. 35etik 54ko jauzia egon da urte batetik bestera, %54ko igoera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.