Juan Manuel Cabases
Ekonomia saileko katedraduna eta errektoregaia
Pedro Burilloren taldeko kide izan da Juan Manuel Cabases azken lau urteotan. Plangintzarako errektoreorde izan da, zehazki. Ekonomia saileko katedraduna da, eta berak egin du NUPek onartu berri duen euskararen plan estrategikoa. Kudeaketaren esparruan duen esperientzia nabarmendu du hautagaiak. Hiru puntu nagusi ditu bere programak.
Gobernu egoki baten alde
Unibertsitatea. Bost ardatz nagusi zehaztu ditu Cabasesek berak nahi duen unibertsitatea lortzeko NUPen: lehenik, bertako kideen gaitasunei eutsiko dien, eta gaitasun horiek garatuko dituen erakunde bilakatzea; bigarrenik, Nafarroako kulturaren esparruan eredu izan nahi du NUPek; hirugarrenik, herrialdean berrikuntzaren motore izan nahi du; laugarrenik, kudeaketaren eraginkortasuna azpimarratu du Cabasesek, pertsonak kontuan hartuko dituena; bosgarrenik, eta, azkenik, NUP nazioartean ezagutarazteko ahaleginak funtsezkotzat jo ditu errektoregaiak bere programan.
Pertsonak gobernu egokiaren ardatz. Atal horretan, irakasleek, ikasleek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek beteko luketen zeregina aztertu du Cabasesek. Irakasleen esparruan, Espainiako Unibertsitateen Lege Organikoaren haritik kontratuak egiteko aukera nabarmendu du errektoregaiak, eta NUPeko langileak departamentu bakoitzeko errealitatera egokitzeko beharra. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen arloan, haien lan baldintzak negoziatzeko prest agertu da. Langileekiko bere politikaren ildo nagusiak esaldi batean laburbildu ditu: «Hitzartutakoak behartzen gaitu». Ikasleen esparruan, azkenik, bizitza osorako prestakuntza eta gelatik at hartutako eskolak bultzatzeko beharra azpimarratu du Cabasesek.
Erakunde irekia. Ikasketak, ikerketa eta euskara dira atal horren giltzarri. Ikasketen arloan, Bolognako prozesuak unibertsitateko ikasketen mapan izanen duen eragina onartu du errektoregaiak, eta mapa berria zehazteko gizarte eragileen parte-hartzearen garrantzia nabarmendu du. Era berean, batzordea osatu nahi du Cabasesek ikasketa berriak zehazteko. Euskararen arloan, Cabasesek berak egin duen plana izanen da ardatz nagusia. Titulazio bakoitzeko irakasgai bat jasotzen du euskaraz, maila bakoitzeko.
HAUTAGAIAK. Juan Manuel Cabases, Burilloren taldekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu