Espainiako Gorteetarako hauteskundeak errepikatuko balira, Eusko Legebiltzarrerako bozak aurreratzeko "hipotesiaz hitz egiten has liteke". Hala adierazi du Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gobernu kontseilu osteko agerraldian.
Udazkenerako espero dira Eusko Legebiltzarrerako bozak, baina, gaur-gaurkoz, bete-betean dago Espainiako Gobernu osaketari buruzko eztabaida. Martxoaren 2an egingo dute Pedro Sanchezen inbestidura eztabaida, eta orduan hasiko da atzera kontua; hark babesik jaso ezean, maiatzaren 3rako aukeratu beharko lukete gobernuburua, eta inork ez badu nahikoa babes eskuratzen, ekainaren amaieran lirateke Espainiako Gorteetarako hauteskundeak.
Hala gertatuko balitz, Eusko Legebiltzarrerako bozak aurreratzeko aukeraz jardun du Erkorekak, nahiz eta, esan duenez, "espekulazioen eremuan sartzea" litzatekeen hori. Izan ere, Jaurlaritzak "ez du nahikoa informazio aurreratzeko zer gerta daitekeen martxoaren 2ko inbestidura saioan".