Analisia (Mikel P. Ansa)

Hautsi da anfora

2017ko urriaren 2a
01:55
Entzun

Gogoratu data hau, urriaren 1a, Kataluniako Errepublikaren festa nazionaleko eguna bihur daiteke eta, estatu berriaren fundazio eguna. Igande luze eta tentsioz beteriko honetan sare sozialetan zabaldu diren irudi eta ideia guztietatik zehatzenetako bat hauxe izan baita: "Rajoyk Kataluniaren independentzia dekretatu du".

Aukera asko zituen, baina hauta zezakeen bide baldar eta inteligentzia gutxikoena aukeratu du Espainiako presidenteak. Eta txikizioaren estrategia autotxikizio bihurtu zaio (Europako prentsaren azalak ikusi besterik ez dago). 20:30eko agerraldian egin duen negoziaziorako eskaintzak ere ez du ezertarako balio (ez Katalunian behintzat). 2012an horrelako eskaintzaren bat egin izan balu beharbada funtzionatuko zion. Baina 2017an gaude, euri asko egin du bost urteotan, eta 840 zauritu gehiago daude orain (beste gauza askoren artean).

Eta hori gutxi balitz, autokonplazentziaz eta autojustifikazioz betetako diskurtsoa egin du gainera, autokritika zipitzik ere gabe. Negoziazio bat hasi nahi duenarentzat ez da jarrera egokiena interlokutorea umiliatuz hastea. Rajoyren problema ez da hori, ordea; Rajoyren problema da 2012an diskurtso horrekin irainduta sentituko zirela katalanak, eta orain (katalan herritarrek egin duten iraultza zibikoaren eta horren aurkako errepresio basatiaren ostean) irribarre bat besterik ez duela sortzen Espainiako presidenteak Katalunian.

Behin- ehineko emaitzak ezagututa, baieztapen batzuk egin litezke: erreferenduma egin, egin dela (ez guztientzat, ez behar bezalako baldintzetan, baizik eta Espainiako Estatuak utzitako modu posible bakarrean); garaipen handia izan dela katalanentzat (min fisiko guztiekin ere, garaipen emozional ikaragarria izan da); parte hartzea 2014ko azaroaren 9koa baino altuagoa izan dela (beldur, kezka eta zalantza guztiekin, eta borren eta atxiloketen mehatxupean, 2,26 milioi herritar joan dira botoa ematera; Araba, Bizkai eta Nafarroako biztaleria osoa baino gehiago da hori); eta baiezkoak irabazi duela (%90).

Eta emaitzei buruz egon zitezkeen zalantza eta interpretazio lauso guztiak uxatu ditu Carles Puigdemontek. Argi esan du gaueko agerraldian: Trantsizio Legea indarrean jartzeko asmoa du bihartik aurrera. Horrek esan nahi du, baiezkoak bozketa irabazi duenez, alde bakarreko independentzia aldarrikapena egingo duela Kataluniako Parlamentuak luze gabe. 48 orduko epea zehazten du legeak. Asteartetik aurrera greba deialdi bat mahai gainean, eta bere duintasuna eta ideiak kalean tente eta bakean defenditzeko prest dauden ehunka milioi pertsona: zaila da, ordu honetan, hori guztia ezerk gera dezakeela imajinatzea. Beti alda litezke gauzak, baina zaila ematen du hortik gehiegi okertzea.

Eta horrek guztiak krakateko sakon bat eragin dezake Espainian. Rajoyren gaurko negoziazio (sasi)eskaintzari denborarik ere ez dio emango ibiltzen hasteko. 1978ko konstituzioaren erregimena airean zartatuko du egoera berriak (dagoeneko zartatua ez badago: 40 urte Gernikako Estatutua den bezalako lege organiko bat bete gabe... eta Kataluniako autonomia, pitzatua, 155. artikulua ezartzeko mehatxu berrituarekin). Borroka martxan da, eta labanak zorrotz daude Madril aldean. Ada Colauk Rajoyren dimisioa eskatu du, eta Podemosek PP bota nahiko du. Zentsura mozioa usaina dago airean. PSOEk zer jarrera hartuko duen, hori da zalantza, ordea. Pedro Sanchezen balorazio gatzgabe eta epelak ez du pista handirik utzi. Baina PPk hauteskundeak aurreratu ere egin ditzake agintea kolokan ikusten badu, eta hasia dago kolokan ikusten. Kontua da, zentsura mozio hori, katalanak gabe, nekeza izango dela. Eta Podemosek eta PSOEk zerbait adostea ez dela errazagoa izango. Ordu honetan, beraz, zaila da igartzea zer bilakaera izan dezakeen ekaitz perfektu honek, astelehenetik aurrera IBEX 35a, seguru asko, maldan behera has daitekeelako gainera (Euroa ja balioa galtzen hasi da gaur Asiako merkatuetan), zalantzaz betetako etorkizun hurbila are gehiago desengorkotuz, eta Europa eta nazioartea bihartik aurrera beste rol bat jokatzen ere has daitezkeelako, presioa eraginez. Eta kontuz, PPk aurrera ihes egitea erabaki, eta oraindik errepresio neurri gogorragoak har ditzakeelako katalanekin.

Eta Euskal Herrian? Euririk utziko du borraskak? PPrekin martxan zituen negoziazioak momentuz etenda ditu EAJk. Gertakariek zer norabide hartuko duten aztertzen arituko da egun hauetan, dudarik ez dena. PPrekin negoziatzen jarraitzeko aukerak, gaur bertan, ez du negozio oso errentagarria ematen. Baina PSOEk gidatutako balizko alternatiba horrek ez du giharrik oraingoz. Eta ez du ematen denbora motzean gauzatuko denik. Hortaz, itxura du EAJk itxoin egingo duela momentuz, egoera, Bartzelonan zein Madrilen, zertan egonkortzen den ikusi arte. Eta EAJk erabaki bat hartu bitartean nekez gertatuko da muturreko aldaketarik EAEn.

Ez bada gertatzen herritarren artean sortutako ekintzek eta dinamikek alderdiak gainetik pasatzea. Katalunian gertatu zen bezala. Baina ez da horrelakorik ikjsi egunotan, salbuespen txikiren bat kenduta. Nolanahi ere, oraindik Katalunia independentea izan daitekeela sinistu gabe jarraitzen du euskal herritar askok, eta kontuz, Kataluniak independentzia lortzen badu, bati baino gehiagori hemen ere zerbaitek krak egingo diolako barruan. Eta horrelako aldaketa sozialen ondorioak neurgaitzak izaten dira.

Edozein moduz, eta gertatuko direnak gertatuko direla, euskal herritarrek eskerrak ere eman beharko dizkiete egunen batean herritar katalanei, urriaren 1 batean erabakitzeko eskubidearen bidea urratu ziotelako Espainiako Estatuari. Eta 1978ko marko juridikoaren anfora hautsi zutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.