Ekonomiaren bilakaerari buruzko aurreikuspenak eguneratu ditu gaur Europako Batzordeak. Batasuneko herrialde guztiek izango dituzte hazkunde tasa positiboak 2017an eta 2018an. Hala ere, susperraldiaren erritmoan alde handiak daude. Oro har, hazkunde "apala" dela azaldu du Pierre Moscovici Ekonomia eta Finantza gaietarako komisarioak, eta garai "zailak" direla, agortzen ari direlako susperraldiari bultza egiten zioten kanpoko faktore batzuk —erregai merkeak, esaterako—.
Euroguneko BPG barne produktu gordina %1,7 haziko da aurten, eta %1,5 datorren urtean. 2018. urtean berriro ere berreskuratuko ditu galdutako bi hamarren horiek, eta %1,7 izango da gorakada. Udaberriko kalkuluekin alderatuta, heldu den urteko aurreikuspenean hiru hamarren kendu ditu. Europako Batasun osoari dagokionez, apur bat handiagoa izango da hazkundea: %1,8 aurten, %1,6 2017an, eta %1,8 2018an.
Enplegua %1,4 handituko da aurten. Ehunekorik handiena litzateke krisi hasi zenetik. 2017an eta 2018an ere enplegua sortuko da, baina gutxiago (%1 urte bakoitzean). Moscovicik onartu du krisiaren aurretik baino lan ordu askoz gutxiago egiten direla oraindik Europan, sortutako enplegu asko partziala delako.
Defizitari eta zorpetzeari galga jarrita segitzen du batasunak. Aurrekontuen ekarpena neutrala izango dela espero du Bruselak, eta pizgarrien beharra zalantzan jarri du. "Hazkundeari lagundu ahal zaio, ezinbestean aurrekontu hedakorrak egin gabe ere", Moscoviciren hitzetan.
Soilik Espainiak gaindituko luke %3ko defizit muga, aureikuspenaren arabera. Bruselak%3,8 iragarri dio, eta ezarritako helburua %3,1 da. Gutxi gora behera, 8.000 milioi euroren aldea dago. Espainiako Gobernu berriak adierazi du hazkunde oparoago bati esker zuzenduko duela zuloa. Aukera hori zalantzan jarri du Bruselaren azterketak. Udaberriak espero zuen Espainia %2,5 haziko zela 2017an, eta prebisio berrian bi hamarren murriztu dizkio.