Joan Paulo II.a 1920 - 2005

Herio bihozgabea

Atzo hil zen Joan Paulo II.a, 84 urterekin, Vatikanoko buru 26 urte eman eta gero. Azken urteak oso gaixo igaro zituen Eliza katolikoko buruak. Joan Paulo II.ak, ezin dimisioa eman, eta azken unera arte segitu

2005eko apirilaren 3a
10:26
Entzun
tzo gaueko bederatzi eta erdiak igaroak ziren Erroman, 21:.37ak, zehatz-mehatz, Joan Paulo II.ak azken hatsa eman zuenean. Eliza katolikoko burua hila zen, 84 urte zituela, gaixoaldi luze bezain gorabeheratsuaren ondoren.

Euskal Herrian gaueko hamarretan jakin zen ofizialki heriotzaren berri, Ansa Italiako berri agentziaren bidez. Albistea Vatikanoko bozeramaile Joaquin Navarro Vallsen hitzetan baieztaturik zegoen: «Aita Santua gaur arratsaldean hil da, 21:37ean, bere apartamentu pribatuan. Universi Dominicio Gregis konstituzio apostolikoan —1996ko otsailaren 22an aldarrikatua— jasota dauden prozedura guztiak abian jarri dira».

Karol Wojtylaren egoerak ostegunean egin zuen okerrera, bihotzeko eta arnasbideetako gutxiegitasunaren ondorioz. Vatikanoko buruak uko egin zion Gemelli erietxera eramateari eta bere bizitzako azken egun eta orduak Vatikanoan igarotzeko eskatu zien bera zaintzeaz arduratzen ziren medikuei. Ostiralean piskanaka itzaltzen joan zen Joan Paulo II.aren bizitza. Hura bizirik ateratzeko esperantzarik ez zegoela esan zuten medikuek. Ordurako milaka eta milaka sinestun zeuden Erromako San Petri plazan, Joan Paulo II.a hilzorian zegoela jakitun. Karol Wojtylak larri-larri segitu zuen atzo. Arratsaldeko lehen orduetan «sukar handia» zuela adierazi zuten Vatikanoko iturriek, eta tarteka burua galtzen zuela.Atzeraezinezko hilzoriaren azken uneak ziren.

Hil eta berehala iritsi ziren mundu zabaleko estatuburuen dolumin mezuak.

Eztabaida handia izan da azken urteotan Joan Paulo II.aren balizko dimisio emateaz. Hil aurretik kargua uztea ez dago Eliza katolikoaren tradizioan. «Ezinezkoa da, ezin du ardura hori utzi», argudiatu izan dute ezbai horretan bide tradizionala segitzearen aldekoek. «Noren aurrean emango du dimisioa Jainkoa bada bere goi arduradun bakarra?», errepikatu zuten behin eta berriro kargua utzi behar ez zuela uste zutenek. Beste batzuek, ordea, haien artean elizaren lerro progresista osatzen dutenetako askok, uste izan dute ankerra zela pertsona bat horrela tratatzea, eta azken urteak ardura guztietatik libre igarotzen utzi beharko ziotela.

Eliza katolikoak eman duen irudiak ere kezkatu ditu kargua garaiz uztearen aldekoak. Bere bizitzaren azken uneak horren gaizki eta gaitasun operatiborik gabe igaro dituen buruzagiaren esku zegoen, teorian, Vatikanoa. Aita Santuak ezin zuen dimisioa eman, baina bera ez gainontzeko guztiek mugatuta daukate jarduna. Arau batek dimisioa aurkeztera behartzen ditu gotzainak 75 urte betetakoan. Beste arau batek dio kardinalek 80 urteen muga gainditzean galtzen dutela Konklabean parte hartzeko eskubidea. Baina 80 urte baino gehiago dituen Aita Santuak kardinalak izenda ditzake.

Joan Paulo II.aren osasun arazoak okerragotu egin ziren 1981eko maiatzaren 13an hura hiltzen saiatu zirenetik. Tiroek besoan, sabelaldean eta eskuan zauritu zuten Karol Wojtyla. Bi ebakuntza egin zizkioten bere onera itzuli ahal izateko. Arazoak, ordea, ez ziren amaitu. 1994ko apirilaren 28an, adibidez, eroriko baten ondorioz izterrezurra apurtu zuen. Geroztik, ibiltzeko arazoak izan zituen. Bere azken egunetan aulki mugikor bat erabiltzen hasi zen mugitu ahal izateko.

Parkinson eritasunak ere arazo ugari sortu zizkion, gaitzak okerragora egin baitzuen. Vatikanoak, baina, ez zuen inoiz onartu buruzagi nagusiak gaixotasun hori zuenik. Osasun arazoak zirela eta, ekintzaren bat bertan behera geratzen zenean, Vatikanoko iturriekez zela larria errepikatzen zuten.

Duela bi urteko irailean, baina, hura oso gaizki zegoela onartu zuen Vatikanoak, nahiz eta bere lanean azkenera arte jarraituko zuela jakinarazi zuen. «Aita Santuak atseden hartu beharko luke. Baina erabaki hori hartzea ez dago nire esku», esan zuen orduko bozeramaileak. Joseph Ratzinger kardinalaren idazkariak, bestalde, Vatikanoko buruak bidaiak egiten jarraituko zuela jakinarazi zuen. Batzuek garrantzia kendu nahi izan zieten zurrumurruei. Honela esan zuen Estanislao Dzwisz monsinoreak 2003ko urriaren hasieran: «Joan Paulo II.aren osasunari buruz idatzi duten kazetarietako asko aspaldi hil ziren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.