BERRIAlagunen komunitatea indartuta atera da aurreko astean Ordizian abiarazi zuten kanpainaren ondotik. Ordiziako hainbat jatetxe, taberna, denda eta ile apaindegi batu ziren komunitatera. Guztira, herriko 87 merkatari. BERRIAk probako esperientzia gisa martxan jarri zuen proiektua, baina, arrakasta ikusita, herri gehiagotara hedatuko du. Andoni Alvarez BERRIAlaguneko arduradunak adierazi du aztertzen ari direla Gipuzkoatik kanpo ere egitasmoa zabaltzea.
Ordiziako egitasmoaren inguruan balorazio positiboa egin du Alvarezek. Haren esanetan, arrakastaren gakoa izan da bai egunkariarentzat eta bai herriko merkatarientzat onuragarria zen proiektu komun bat bilatzea. "Denok irabazi dugu egitasmo honi esker. Alde batetik, BERRIAlagunen komunitatea sendotu egin da, eta, bestetik, herriko merkataritza sustatuko da. Horregatik atera da guztia ondo. Gaur egungo egoerarekin zaila da zerbaiten eske joatea ezer eman gabe. Kasu honetan, BERRIAri sostengua emateko eskatzera joan gara, baina merkatariei zerbait eskainiz".
Orkli eta merkatari elkartea
Orkli enpresaren babesa funtsezkoa izan da egitasmoa aurrera eraman ahal izateko. Ordiziako enpresa horrek zozketa bidez banatuko den 1.000 euroko txekearen erdiarekin lagundu du, 500 eurorekin, alegia. Beste erdia BERRIAk jarri du. Alvarezen esanetan Ordiziako merkatari elkartearen babesa garrantzitsua izan da. "Giro oso ona sortu da".
Egun, BERRIAlagunen komunitatea 13.000 lagunek osatzen dute. Bakoitzak 100 euroko ekarpena egiten dio urtero egunkariari. Horietatik 5.000 banakoak dira. 2015erako 15.000 laguneraino iristea nahi luke taldeak. BERRIAlagun izan nahi izanez gero, Berria.eus/berrialaguna atarian edo (0034) 943-30 43 45 telefonora deituta eman daiteke izena.