Herritarren Zerrenda ez dutela baimenduko uste du Ramon Jauregik

"Batasunaren inguruan antolatutako ezker abertzaletik badator ez du debate demokratikoan parte hartzeko eskubiderik", esan du PSOEko Espainiako legebiltzarkideak

2004ko maiatzaren 8a
19:27
Entzun
HZ Herritarren Zerrendak ez duela Europako hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik izango uste du Ramon Jauregi Espainiako Kongresuko PSOEko diputatuak. Hautagaitza hori Batasunaren inguruan kokatu du Jauregik: "25 urte indarkeriari lotuta daramatzalako da ilegala Batasuna", azpimarratu du. Areago, HZ Batasunaren inguruko ezker abertzaletik sortua bada ez duela "debate demokratikoan" parte hartzeko eskubiderik iritzi dio PSOEko diputatuak. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek.

"Fiskalak irizten badio hautagaitza hori Batasunaren ondorengo dela inpugnatu egingo du, eta tribunalek erabakiko dute aurkez daitekeen edo ez. Uste dut ez dutela baimenduko. Izan ere, Batasuna ilegala da 25 urte daramatzalako indarkeriari lotuta", esan du Jauregik.

Batasunaren jarraitzaileek politikan parte hartu nahi badute, indarkeriarekin zerikusirik ez duen alderdi "berria" eratu beharko dutela erantsi du PSOEko diputatuak. "Alderdi bat sortu beharko dute ex novo , beren helburuak garbi adierazten dituena, eta indarkeriatik erabat askatu. Hori da ERCk Katalunian egiten duena, edo Aralarrek zein EAk Eusakdin", azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.