Hezbolak erasoak beste fase batean sartu direla dio; misilekin hasi da

2006ko uztailaren 29a
13:43
Entzun
Israelen aurkako erasoak beste fase batean sartu dituela esan du Hezbolak. Khaibar 1 misilak erabiltzen hasi dira; Haifa hiriaz «haratago ere» erasoak egiteko aukera emango die arma berriak. Atzo, esaterako, Afula udalerriraino iritsi ziren. Eguneroko moduan kohete txikiak ere bota zituzten, ehun inguru, eta hiru lagun zauritu zituzten. Modu honetan, Israel egiten ari den «eraso basatiari» erantzuten ari zaizkiola esan dute Hezbolako buruzagiek.

NBE Nazio Batuen Erakundeak, berriz, Libanoko hegoaldeko mugan lanean ari diren begirale armatu gabeak -50 inguru-- mugatik urruntzea erabaki zuen atzo. «Ez ditugu ateraraziko, ezta erretiratuko ere». Baina gune hori Libanoren eta Israelen arteko borroken ardatzetako bat denez, bertatik urrundu egingo dituzte, leku seguruagoetara. Eskarmentuak eraman ditu horretara NBEko buruak. Eta beldurrak. Orain bost egun Marun Al Raseko postuan begirale bat zauritu zuten, eta asteartean lau begirale hil zituzten Israelen airezko eraso batean.

Libanon erasoak hasi zirenetik --hilaren 12an-- gutxienez 425 lagunetik gora hil direla gogorarazi dute Libanoko agintariek eta 1.400 lagun zauritu direla. Biktima gehienak zibilak dira. Atzo ere biktimen kopuruak gora egin zuen, gutxienez 12 lagun hil eta bederatzi zauritu ziren Israelgo armadak egindako erasoen ondorioz. Hildakoen artean Jordaniako herritar bat dago. Tiro eta Nabatie inguruetan jazo ziren erasorik gogorrenak.

BLAIR ETA BUSHEN DEIA. Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente George Bushek Libano eta Israelen auziari buruzko bilera egin zuten atzo. Bi aldeen arteko borrokak gerarazteko «berehala» nazioarteko indarrak bidali behar direla esan zuten biek. Modu horretan, giza laguntza bideratzeko baliabideak «bizkortu» egin behar direla nabarmendu zuten. Bushek argi utzi nahi izan zuen «epe luzerako bakea» bilatu behar dutela hemendik aurrera egiten diren urratsek. AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Rice gaur Libanora itzuliko dela jakinarazi zuen. Lehen bilera bihar egingo du, Israelgo lehen ministro Ehud Olmertekin.

Auziaren gaineko estrategia bateratua diseinatzeko asmoz egin zuten atzo bilera Bushek eta Blairrek. Washingtonen egin zuten bat. Aho batez erakutsi zuten gatazkak gordinen erasan dituenei laguntza emateko borondatea, bai eta bakea lortu eta Libano berreraikitzen laguntzekoa ere.

Datorren astean, segur aski astelehenean, NBEk deituta gatazkari buruzko bilera egingo dela jakinarazi zuen atzo Kofi Annan NBEko idazkari nagusiak. Libanora joanen den nazioarteko indarrean parte hartu nahi duten herrialdeei bertan parte hartzeko deia egin zien. Oraindik Segurtasun Kontseiluak nazioarteko indarrak bidaltzeko baimenik ez duela eman gogorarazi zuen, baina bilera atariko urrats garrantzitsua izan daitekeela. «Herrialdeek erabaki ahal izango dute parte hartu nahi duten edo ez».

GIZA LAGUNTZARAKO SU-ETENA. NBEko idazkariorde Jan Egelandek, bere aldetik, Libanon giza laguntza eman ahal izateko hiru eguneko su-etena eskatu zuen atzo. Erabakiak haurrak eta adineko pertsonak leku arriskukutsuetatik aterarazten lagunduko lukeela azaldu zuen, eta premiazkoa dela. Segurtasun Kontseiluan egin zuen proposamena.

Amnesty Internationalek (AI), Israeli eta Hezbolari, biei, armak «bahitzeko» eskatu du. AEBek eta Erresuma Batuak arma trafikoan duten pisua gogor salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.