Mundua

Hiru eskalatzaile alemaniarrak Berlinek jarrera aldatzen badu askatuko ditu PKK-k

2008ko uztailaren 16a
12:15
Entzun
Kurdistan Observer webgunean agertu denez, PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla taldeak adierazi du Alemaniak Turkiari kurduen kontrako erasoaldi miitarra gelditzeko presio egiten badio soilik askatuko dituela bere esku dituen hiru eskalatzaile alemaniarrak. Hauek joan den astean bahitu zituen PKK-k, Ararat mendian, Ipar Kurdistanen (Turkiaren menpe).

Gainera, PKK-k Berlini ohartarazi dio Alemanian bizi diren kurduen kontrako jarrera erasokorra bukatu behar duela, baita gerrilla taldearen ordezkarien kontrako jazarpena ere. Alemanian 500.000 kurdu inguru bizi dira, eta Kurdistandik eta Turkiatik kanpo bizi den herritar multzorik handiena da, Kurdistan Observer-en arabera. Berlinek PKK legez kanpo jarria du, eta Danimarkatik igortzen duen RojTV kate kurduaren seinalea debekatua du, halaber.

PKK-ko eledun Sozdar Avestak Hego Kurdistanen (Iraken menpe) kazetariei azaldu die hiru bahitu alemaniarrak ondo daudela, eta ondo tratatzen ari direla. Berlini eskatu dio Ankarako gobernuari presio egin diezaion, honek Ararat mendi inguruan erasoaldi militarra eten dezan.

Hiru eskalatzaileen bahiketa Berlinen politikarekiko erantzuna dela zehaztu du Avestak: "Haien arrestatzea Alemania egiten ari denaren erreakzioa izan da. Alemaniako Gobernuari eskatzen diogu kurduekiko politika aldatzeko".

Alemaniako Atzerri ministro Frank-Walter Steinmeierrek eta Barne ministro Wolfgang Schaublek nabarmendu dute Berlin ez dela "xantaiaren aurrean makurtuko". Angela Merkel kantzilerrak, bere aldetik, bahituak askatzeko exijitu dio gerrillari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.