Hiru su-eten handi eman ditu ETAk

2010eko irailaren 5a
15:04
Entzun
Hainbatetan egin ditu ETAk epe laburreko menia aldarrikapenak, edo bere ekintza armatuetatik lurralde edo kolektibo jakinak salbuestekoak, baina hiru dira orain arte eman dituen su-eten zabalak.

1989ko urtarrilaren 8a: bi asteko su-etena eman zuen ETAk, Aljerko elkarrizketak hastearekin batera. Noranzko onean zihoazelakoan-edo, bi aldiz eta bakoitzean bi hilabetez luzatu zuen menia, harik eta apirilaren 4an bertan behera utzi eta negoziazioak amaitutzat eman zituen arte.

1998ko irailaren 16a:48 orduko epean su-eten indefinitua abiatuko zuela jakinarazi zuen ETAk. Lau egun lehenago, irailaren 12an, Lizarra-Garaziko adierazpena sinatu zuten eragile politiko eta sozial ugarik. Garaiko Espainiako Gobernua, Jose Maria Aznarrena, hizketarako prest agertu zen, eta Suitzan izan zuten bilera bat erakunde armatuko ordezkariekin. Ez zuten aurrera egin. 1999ko azaroaren 28an jakinarazi zuen ETAk su-etena bertan behera uzten zuela.

2006ko martxoaren 22a: Su-eten iraunkorra iragarri zuen ETAk "prozesu demokratikoari laguntzeko", indarrean martxoaren 24an jarriko zena. Loiolako elkarrizketak jarri ziren abian, eta Espainiako Gobernuak ere hasi zituen harremanak ETArekin Kongresuaren baimenarekin. Baina ahalegin horrek ere huts egin zuen. 2006ko abenduaren 30ean artean su-etena indarrean zela atentatua egin zuten lehergailuz Madrilgo Barajas aireportuko T4 terminalean, eta Carlos Alonso Palate eta Diego Amando Estancio hegazkina hartzeko zain ziren etorkin ekuatoriarrak hil. Ezker abertzaleak su-etenari eusteko eskaria egin zion egun batzuk geroago. Ekainean su-etena bertan behera uzten zuela agertu zuen ETAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.