Historia, batzuetan, errepikatu egiten da. Eta gaur, neurri handi batean, errepikatu egingo da, 2004ko abenduaren 30ean Estatutu Politiko Berrirako Proposamenarekin gertatuaren antz handia izango baitu gaurkoak. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak erabakitzeko eskubideari buruzko kartekin jo zuen hordagoa orduan ere -estatutu berria orduan, galdeketa orain-, eta ezker abertzalearen sostengu partzialari esker irabazi zuen hordago hura ere -Sozialista Abertzaleen hiru boto orduan, EHAKren boto bat orain-.
Hurrengo pausoan ere historia errepikatzeko bidean da: Espainiako Estatuak jarritako hormak eragotzi egin zuen, Espainiako Kongresuak emandako ezezko biribilaren bidez, Eusko Legebiltzarrak gehiengoz onartutako esparru juridiko-politiko berria indarrean jartzea. Eta gaur Legebiltzarrak galdeketaren egitasmoa lege bihurtuko badu ere, nekez gaindituko du Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren bidez jarriko dion langa.
Ustekaberik ezean gaur onartuko duten legearen arabera, urriaren 25ean galdeketa egin beharko litzateke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ETAren indarkeriaren amaiera elkarrizketatuaz eta erabaki eskubidearen gaineko negoziazioaz. Galdeketaren xehetasun guztiak zehaztuta datoz lege proposamenean: galdeketaren data, kanpainako egutegia, botopapera betetzeko jarraibideak, kontaketa egiteko irizpideak, alderdi politikoek diru laguntzak jasotzeko arauak... Baina Herri Galdeketara Deitzeko eta Arautzeko Legea nekez iritsiko da indarrean urriaren 25era.
Espainiako Gobernuak gaur bertan erabaki dezake legea Auzitegi Konstituzionalera eramatea, horretarako hiru hilabeteko epea izango badu ere. Behin helegitea aurkeztuta, Auzitegiak tramiterako onartzea aski izango da legea behin-behinean bertan behera gelditzeko, epaimahaiak sententzia eman arte. Bost hilabete izango ditu epaia emateko. Eta, galdeketaren legea indarrean izan gabe, Jaurlaritzak ez du kontsulta egingo, EAJko eta EBko buruzagiei ulertu zaienez behintzat.
2005eko otsailean, Espainiako Kongresuak estatutu proposamenari ezezkoa emanez gero ere galdeketara eramango zuela agindu zuen arren, hauteskundeak aurreratzera mugatu zen Ibarretxe. Oraingoan ere, galdeketaren bandera hartuta "konfrontazio demokratikoa" hauteskundeetara eramatea izango bide da hirukoaren erantzun nagusia.
Galdeketaraino iristea lortu gabe ere, gaurko bozketak arnasa emango dio Ibarretxeri. Legebiltzarraren ezezkoarekin, Ibarretxek zailago luke berriro hautagai izatea, eta Ibarretxeren estrategia behingoz alde batera utzi nahi duten jeltzaleek errazago lukete EAJren lema hartzea. Baina, baiezkoarekin, Ibarretxe berriro hautagai izateko moduan da, berak nahi badu behintzat, duela zortzi urte abiatutako estrategiari segida emateko bidea ikusten badu behintzat.
Galdeketarena ez baita atzo goizeko burutazioa. Bere lehen agintaldira jo behar da ekimenaren ernamuina topatzeko: Lizarrako prozesuaren porrotaren ondoren -1999ko azaroa-, egoera berriari estrategia berriarekin erantzuteko ardatzak jartzen hasi zen EAJ:. Izan erabakitzeko agirian jarri zituen oinarriak 2000ko urtarrilean, eta urte bereko martxoan jarri zuen Ibarretxek mahai gainean, Madrilgo Siglo XXI elkartean, erabakitzeko eskubidea onartuko lukeen esparru politiko berria eraikitzeko proposamena. Baina, artean, gidaritza alderdiak zuen, ez lehendakariak.
Siglo XXI elkarteko hitzaldia
2001eko maiatzaren 13ko hauteskundeetan Jaime Mayorren eta Nicolas Redondoren aliantzari gailendu zitzaionean, ordea, lema berak hartu zuen. Eta Siglo XXI elkartean aurreratutakoa garatzen hasi zen: 2001ean, autogobernuaz pleno berezia; 2002an, oinarrien aurkezpena; 2003an, estatutuaren egitasmoa aurkeztu, Legebiltzarrean, eta onartu, Jaurlaritzan; 2004ko abenduan, bozketa Eusko Legebiltzarrean; eta 2005eko otsailean, Espainiako Kongresuaren ezezkoa.
Loiolako prozesuan, Ibarretxek parentesia zabaldu zuen. Zain gelditu zen. Eta Loiolakoak porrot egin zuenean, berriro lema hartu zuen, Josu Jon Imazek EBBko lehendakaritza utzi behar izateko moduan hartu ere, 2000ko martxoaren 23an Siglo XXIko hitzaldian agindutakoa gauzatzeko bigarren ahaleginari ekiteko. "Jorratu beharreko bideak euskal gizarteak bere burua definitzeko duen nortasunaren onarpenetik hasi behar du eta, hortik aurrera, Estatuarekin atxikimendu librean eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza harremanak ezarri behar dira". Zortzi urte, hiru hilabete eta lau egun joan dira hitz haiek esan zituenetik.
Historia, batzuetan, errepikatu egiten da (Imanol Murua Uria)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu