HITZALDIAK. PSE-EEk eta PPk salatu dute Ibarretxek gizarteari "mesprezua" egiten diola

2008ko ekainaren 27a
13:16
Entzun
Patxi Lopez PSE-EEko legebiltzarkideak salatu du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak "berriz ere enfrentamendua" sortarazi nahi duela galdeketarako lege proposamenarekin, "eta horretaz, indarkeria salatzen ez duen alderdi batez baliatuko da [EHAK-z], honek esan baitu bere boto bakarra zertarako izango den: enfrentamendurako. EHAKren babesa lortzeko egin duzu proposamena, Ibarretxe". Honek buruak hauteskundeak dituela iritzi dio buruzagi sozialistak.

Lopezek berretsi du gaur PSE-EEk ezezkoa emango diola proposamenari. "Guk baiezkoa elkarrizketari, akordioari eta elkarbizitzari ematen diogu. Zuk, Ibarretxe, autodeterminazioa 2010erako nahi duzula esan eta ez duzu hitz egin besteokin. Zer, ezin al dugu guk ezer esan, ala?".

"Mahai gainean beti arazoak jartzen dituen politikariekin gizartea nazkatuta" dagoela uste du PSE-EEko buruzagiak, "eta hori ikusi zen azkeneko hauteskundeetan [PSE-EE izan zen nagusi EAEn Espainiako bozetan]". Hainbat euskal erakundek galdeketari ezezkoa eman diotela ere nabarmendu du eta lehendakariak "mespretxua" egiten diela. "Beraz, egitasmo honek ez gaitu batzen, ez du herria egiten".

PP: "Ibarretxek ez du hitza bete"

PPren izenean ez du ohi bezala Maria San Gilek hitz egin -politika uztekotan da, Espainiako PPrekin desadostasunak dituelako-. Leopoldo Barreda aritu da hizketan, eta, ETAren indarkeria egonda ere, Ibarretxek galdeketa egin nahi duela salatu du hark. "Hortaz, ez du hitza bete, indarkeriarik gabeko egoeran egingo litzatekeela esan baitzuen". Ibarretxek "ETArekin politikoki negoziatu" nahi duela uste du PPk, "2010ean independentziaren bidea hasteko".

Jaurlaritzako lehendakariak euskal gizarteari "mespretxu" egiten diola salatu du Barredak, eta lege proposamena "demokraziaren eta euskal herritarren kontrakoa" dela iritzi dio, "askatasuna bahitu egiten duelako, eta alderdiak, udalak, foru aldundiak eta herritarrak zatitu egiten dituelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.