Hodei Ijurko Iruñeko presoa "bizi osorako" espetxean atxiki nahi dutela salatu dute gaur prentsaurrekoan haren senide eta lagunek, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenaren arabera. Gaztearentzat 38 urteko kartzela zigorra eskatu du gaur Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak. Epaiketa otsailaren 5ean egingo dute.
Ijurkoren senitarteko eta lagunak AAMko kideen ondoan agertu dira agerraldian, Iruñean, eta asteburu honetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diote gizarteari. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak gazte iruindarraren kontrako eskaera jakinarazi ondotik egin dituzte adierazpenak. Ijurko iazko martxoaren 9ko goizaldean atxiloltu zuten, "kale erasoak", "desorden publiko terroristak", eta "atentatu terroristak" egin izanaz eta "lehergailuak eduki" izanaz akusatuta. Leporatzen zaizkion erasoan foruzain batzuk zauritu zirela ere dio akusazioak.
Gainera, akusazio partikularrak (Nafarroako foruzainak) 12 urteko kartzela zigorra eskatzen du, "bitarteko arriskutsuen bidez autoritatearen kontrako atentatuagatik" eta "lehergaiak edukitzeagatik". Horren aurrean harridura eta haserrea adierazi dute Ijurkoren senide eta lagunek: "Fiskalaren akusazioa handiagoa da akusazio partikularra baino, eskuarki alderantziz izan ohi delarik. Fiskala PSOEk diseinatutako estrategia zapaltzailea ezartzen ari da".
Iruñeko nahiz Etxarri Aranazko (Nafarroa) haren lagunen iritziz, eskaera hori "erabat neurriz kanpokoa da". Nabarmendu dutenez, gazteari leporatzen zaion erasoan ez zen kalte materialik izan, eta zauritutako foruzainek "zauri arinak" jasan zituzten. "Epaileek fiskalaren eskaera ontzat hartzen balute, bizi osoko kondena ezarriko liokete" Ijurkori, salatu dute. "Espainiako estatuak euskal presoei bizi osoko zigorra ezartzen du", gaineratu dute.
Aste hondarrerako mobilizazioak
Ijurkoren egoeraren aurrean protesta egiteko besteak beste honako mobilizazioak antolatu dituzte:
Larunbatean Iruñeko Iturrama auzoan arratsaldeko 18:00etan herriko frontoitik abiatuko da manifestazioa.
Igandean Etxarri-Aranatzen arratsaldeko 19:00etan herriko plazatik hasiko da manifestazioa.
Hodei Ijurko "bizi osorako" kartzelan atxiki nahi dutela salatu dute senide eta lagunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu