Arnaldo Otegi Askatu, Politika Askatu plataformak dagoeneko ia hiru mila sinadura bildu ditu ezker abertzaleko kidea askatzearen alde. "Euskal Herriak nazio moduan politika egiteko eskubidea izan behar duelako. Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea izan behar duelako. Euskal herritar guztiok politikan libre aritzeko eskubidea izan behar dugulako. Prozesu demokratiko eta bakezale baten alde lan egitearren kartzelatua izan delako Arnaldo. Erabaki politiko eta ez judizial baten ondorioz gatibu dutelako. Arnaldo kalean nahi eta behar dugulako", dio sinadurak bildu dituen agiriak.
Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio, Xabier Amuriza, Fermin Muguruza, Eñaut Elorrieta, Juan Luis Zabala, Juan Gorriti, Rafa Larreina... dira agiria izenpetu duten pertsona ezagunetako batzuk. Alderdi politiko, sindikatu eta bestelako elkarteek ere atxikimendua adierazi diote ekimenari. Besteak beste, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak; LABek, Hiruk, EILASek eta EHNEk; ESAITek, AHTrik Ez! elkarteak... Atzerritik ere izan dira agiria izenpetu dutenak; Herrialde Katalanetatik, Galiziatik, Frantziatik nahiz Espainiatik hainbat erakundek eta norbanakoek egin dute bat, baita herrialde gehiagotako norbanakoek ere: AEB, Erresuma Batua, Irlanda, Alemania, Belgika, Honduras, Argentina, Uruguai, Mexiko edo Txilekoek.