Ekaitz Agirre
Ostegunean beteko zituen 41 urte Iñaki Otxoa Olzak (Iruñea, 1967). Mendiari estuki lotutako urteak. Hamabi zituela izan zuen estreinakoz Himalaya urruneko mendi erraldoien berri. Nafarroako mendizaleek osatutako espedizio batek Dhaulagiri igo zuen 1979an, euskal mendizaletasunaren aurreneko zortzimilakoa. Espedizio haren argazki bat zen, irudi historikoa. Urruneko mendiak ziren, arrotzak, urteen joan-etorriarekin gertuko izan dituenak, azkeneraino.
Iñaki Otxoa Olza zerbaitek nabarmendu badu, mendiarekiko pasioak nabarmendu baitu. Filosofia ikasketei ekin zien, baina ez zituen bukatu. Bizitzan badira bestelako eskolak, eta Otxoa Olzak mendian jaso zuen aurrera egiteko beharrezko hezkuntza. Gazte egin zuen jauzi Himalayako erraldoietara; Kangchenjunga izan zuen lehenengo jomuga, 1990ean, artean 22 urte zituela. «Gaztetasunaren erokeria, baina zelako plazera hiru hilabete haiek oroitzea; 19 urte luzeko ikasketen aldean, nire urratsen norabidea markatu zuen bidaiak», oroitu izan du mendizaleak berak lehen espedizioak utzitako arrastoa, betiereko arrastoa: «Bizitzan aukera bat gehiago da, nik hori aukeratu dut». Inoiz ez zen damutu.
Ia 20 urte iraun duen bide horretan hogeita hamar espedizio Himalayara. Umiltasunez, irribarrea aurpegian, eta koherentzia bidelagun. «Himalaysmoan hasi zenetik 20 urte koherentziaren bidetik egin ditu. Egunean egunean bizi izan da urte askoan, oso diru iturri gutxirekin. Librea izan da eta gaur egungo gizartean ia ezinezkoa da hori», oroitu du hunkituta Oscar Gogorza mendizale eta kazetariak. Eta koherentziaren bidean zoriontsua izan da: «Himalayan zoriontsua zen, eta Iruñean zegoenean ere bai; Himalayara joateko prestatzen ari zelako».
Azken urteetan hamalau zortzimilakoen proiektuan murgildu zen, baina ez itsu-itsuan. Ez zituen mendiak edozein modutan igo nahi. Igotzeko moduak gailurrak adina garrantzia zuen Otxoa Olzarentzat. Estilo berezia zuen mendian, eta eskaladei ukitu berezia ematen saiatzen zen, dela bide berri bat irekita, dela non-stop estiloan -oinarrizko kanpalekutik tontorreraino zuzenean joz- edo bakarrik igota. Horren adibide dira 2006an Shisha Pangman irekitako bidea -«Inoiz egin dudan igoera garbiena»-, edota oinarrizko kanpalekutik abiatu eta 11 ordu pasatxoan Cho Oyu igo zuenekoa, 2004an.
Mendiaren arriskuez jakitun zen. Inoiz ez zien senide eta lagunei hori ezkutatu. Eta zorrotz prestatzen zen mendirako. Korrika, bizikletan, eskiatzen, eskalatzen... naturarekin harremana duten jarduera oro zuen gustuko. Mendiko eskian Pierra Menta ezagunean parte hartu zezakeen, edota Iruñeko karriketan BERRIAk antolatutako krosean korrika egin. Kirolzale osoa zen, konpletoa, eta mendian egiten zuen urrats bakoitzarekin disfrutatzen zuen.
Mendiari lotuta garatu zuen beste pasioetako bat: literatura. Mendizaletasuna bezalaxe, etxetik jaso zuen letrekiko zaletasuna ere. Liburu bat ari zen idazten, bukatzear zuen, eta bere kabuz argitaratzeko asmoa zuen. Trebea zen idazten, eta bazuen zer idatzia, zer kontatua. Azken urteotan Diario de Navarra egunkarian argitaratzen zituen espedizioetako kronika, hausnarketa eta idatziak. «Ez zen mendiak igotzera mugatzen; eskaladen inguruan gertatutakoez hausnartzeko joera izaten zuen, eta horiek transmititzen zekien», dio Gogorzak. Al Filo de lo Imposible saioarekin lan egin zuen, eta baita mendi gidari gisa ere. Bidaiak, kultura berriak, nazioarteko bezeroekiko harremanak... lagun sare zabala landu eta hizkuntzak ikasteko aukera eman zion mendiak - ingelesa, frantsesa eta italiarra menperatzen zituen, alemanera ikasten ari zen, eta nepaleraz zerbait bazekien-. Eta mendiak Otxoa Olzari utzi zion arrastoaren parekoa izan da, mendizaleak haren lagunengan utzi duena. Webgunean egunotan jasotako ehunka mezuak eta erreskatean parte hartzeko mendizaleek agertu duten prestutasuna dira lekuko.
Kangchenjungan hasi zuen Himalayako bidea Iñaki Otxoa Olzak, eta Kangchenjunga zuen, hain justu, hamalau zortzimilakoen egitasmoa osatzeko falta zuen bi mendietako bat; Annapurna zuen bestea, Oparotasunaren Jainkosa. Han geratuko da, betirako, Annapurnaren besoetan.
Iñaki Otxoa Olza, mendia bizitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu