Egunkariaren itxierari euskal gizarteak «erantzun ederra» eman ziola uste du Iñaki Uria Egunkaria-ko kontseilari ordezkariak, baina, itxi zutela urtebete pasatu denean, «alderdi bakoitzak bere aldetik» jarraitzen duela deitoratzen du, euskalgintza babesteko beharrezko litzatekeen adostasun politikoa lortu gabe. Urola-Kostako Hitza-ren lehenengo zenbakian egin ditu adierazpenak Iñaki Uria zarauztarrak, Lore Agirrezabal kazetariak egindako galderei Aranjuezko kartzelatik bidalitako erantzunetan.
Gaur bete da lehen urteurrena Espainiako Justiziak Euskaldunon Egunkaria itxi zuela. Zer oroitzapen, Iñaki?
Injustiziaren lehen urteurrena, bai. 25 urteko lana hankaz gora bota nahi izan zuten operazio harekin. Eta orduan sentitu nuena babes eza izan zen. Egunkaria suntsitu egin zuten, beraien esku gaudela erakusteko; euskaldunon egitura politiko, kultural eta ekonomikoak babes gabe daudela erakusteko.
Nola bizi izan duzu urte hau?
Gertatutako guztia eta gertatzen ari dena injustizia handia da. Egunkaria ixtea, atxiloketaren gogorra, torturaren izua, kartzelaren absurdoa, Martin Ugalde Kultur Parkea blokeatzea, beste zortzi lagun atxilotu eta askatzea... izugarrizko injustizia dena. Hala bizi dut, injustizia gisa. Bai baitakit akusazioak oinarririk gabeak direla eta gure delitu bakarra euskararen eta euskal prentsaren alde 25 urtez lan egitea izan dela. Argi daukat lan hori dena izan dela suntsitu nahi izan dutena, bide batez euskalgintza osoari erakutsiz eurak ere izan daitezkeela hurrenak.
Euskal gizartearen erantzuna, dena dela, oso ona izan zen.
Erantzuna ederra izan zen, bai otsailean, Egunkaria itxi zutenean, baita urrian ere, Martin Ugalde Kultur Parkean sartu zirenean. Ederra benetan. Baina edertasunak badakizu zer duen: labur izaten dela. Manifestazio paregabeak egin ziren, irakurle berriak lortu ditu euskal prentsak, Kontseilua alderdien arteko adostasun politikoaren bila ari da euskara eta euskalgintza babesteko... Baina, funtsean, duela urtebete bezalatsu gabiltza: alderdi bakoitza bere aldetik, epe laburrean ahalik eta boto gehien bildu nahian eta luzarorako egitasmoei gure gizartea egituratu eta babes dezaketen egitasmoei heldu gabe.
Zeu zara Egunkaria kasuagatik kartzelan dagoen bakarra. Jende asko ari da zure askatasuna eskatzen.
Ezagutzen nautenek badakite injustizia handia gertatu zela Egunkaria-ren itxierarekin eta injustizia horrek indarrean dirauela ni kartzelan mantenduta.
Nolakoa izaten ari da kartzelako esperientzia?
Hemen, kartzelan, dena da harrigarria, baita absurdoa ere. Bergizarteratzea helburu duen instituzio honek, hondatuta zegoen pertsona gehiago hondoratzen du gehienetan. Estatuaren agintekeria funtzionariorik alprojenetan haragiztatzen da eta emaitzak gordinak dira gehienetan. Urtebetean bi kartzela eta bost galeria ezagutu ditut, eta iruditzen zait ez dudala kartzela ezagutzen. Hau da, kartzela bakoitza mundu bat da. Ezberdina.
Zer egin edo egiten ari zaizu gogorrena?
Gauza asko ezagutu ditut, eta gogorrena isolamendu egoera da. Dudarik gabe. Izugarria egiten zait pentsatzea zigorra betetzen ari diren euskal presoak egoera horretan daudela urtea joan eta urtea etorri.
Zer dela-eta Espainiako Estatuaren erasoaldi hau?
Estatua, abertzaletasunaren aurka ari da, oro har. Irailaren 11 hartaz geroztik, askoz ere gogorrago. Nazionalismoa terrorismoa da, Batasuna=ETA eta legez kanpo utzi du... Begiratzen dut kartzelakide ditudan euskaldunen artean eta gehienak gazte erakunde politiko batekoak, Askatasuna, Udalbiltza edota Batasunekoak dira. Ez dira ETAkoak, baina balira bezala daude hemen. Zergatik egiten duen hori Espainiako Estatuak? Batetik, ahal duelako. Ez dauka koste politikorik; Espainian, normalean, botoak irabazten ditu gobernuko alderdiak. Bestetik, behar duelako. Gure herrian mezu argia zabaltzen dute: «Onar ezazu dagoena, bestela kartzelara joango zara». Beldurra zabaldu beharra dauka gure herria beregaina izan ez dadin.
Euskalgintza, baina, aurrera doa, eta zure herrian Zarautzen eta eskualdean Urola-Kostako Hitza sortu da. Zer diozu?
Oso pozik nago, Urola-Kostako Hitza oso garrantzitsua izango delako eskualdeko euskaldunontzat. Euskaldun asko gara bertan. Dirua ere badago. Seguru nago aukera ederra dagoela herri aldizkariek eta Egunkaria-k hasitako bidean aurrerapauso handia emateko. Konturatu orduko Urola-Kostako egunkaririk irakurriena izango da Hitza. Eta hori handia da. Zailtasunak ere izango dira, noski: finantzaketa... Baina zailtasun handiei aurre eginez sortzen dira edo aldatzen dira baldintzak. Eskualde honek, gainera, lan handia egin izan du euskal prentsaren alde.
Egunkaria itxi aurretik, bertako kontseilari ordezkaria zinen, eta 2001ean jarri zenuten, Tolosaldean, lehen eskualde-egunkaria, Galtzaundirekin batera. Zergatik hartu zuen Egunkaria-k herri informazioa lantzen hasteko erabakia?
Honexegatik: euskararen normalizazioan pauso handiak emateko; euskaldunon informazio eta komunikazio beharrak asetzeko; Egunkaria iristen ez zen eta iristerik ez zuen toki eta irakurleengana iristeko; herri aldizkariekin batera aurrerapausoa emateko. Egunkaria-k arriskatu egin zuen prozesua lideratuz, baina Tolosaldekoak aurrera irten zuen eta ondoren sortu dira Oarsoaldekoa, Lea-Artibai eta Mutrikukoa, eta orain Urola-Kostakoa.
«Euskararen normalizazioan pauso handiak emateko», esan duzu...
Sekula izan ez den euskaldun kopuruak egunero irakurriko du egunkaria euskaraz. Jauzi kualitatiboa da hori euskararen erabilpenean eta normalizazioan. Bide batez, bailarako herri bakoitzak, bere herriari buruz bertan sortutako informaziorik gehien eta onena izango du. Horrekin batera bailarako herri eta herritarren arteko harremanak estutzeko aukera eskainiko du. Harreman komertzialak, harreman kulturalak, edota instituzionalak, besteren artean. Nik uste badela zerbait.
Egunkaria itxi zutenean, Urola-Kostan jende asko mugitu zen. Zer esango zenieke horiei guztiei?
Beraien lanari esker, bere laguntzari esker, gero eta produktu eta emaitza hobeagoak dituela trukean. Aipatutako helburuak betetzeaz gain, informazio, zerbitzu, aisialdi beharrak gero eta aseagoak dituela euskal prentsan.
Eta oraindik euskarazko prentsaren mundura etorri ez denari?
Lehendabizi esango nioke asko ari dela galtzen. Besteren artean munduko berriak eta bertako berriak gure begiz eta gure hizkuntzan jasotzeko aukera galtzen ari dela, kalitate handiko kazetaritza galtzen ari dela. Ondoren, esango nioke ez duela apustu handirik egin beharrik. Oso erraza dela prentsa ere euskaraz bizitzea. Erraza bezain ederra izateko aukera emango dio Urola-Kostako Hitza-k.
Urtebete 'Egunkaria'-rik gabe
Iñaki Uria: "Manifestazio paregabeak egin ziren, baina duela urtebete bezalatsu gabiltza"
Euskalgintza babesteko adostasun politikoaren beharraz ohartarazi du 'Urola-Kostako Hitza'-k egindako elkarrizketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu