Iban Arregik (Azpeitia, 1975) EKTko Bertako Hedabideetako zuzendariak jendaurrean aurkeztuko du gaur www.hitza.info. Etorkizuneko kazetaritzaren erronkei aurre egiteko prestatu dutela dio.
Webguneak euskarazko kazetaritzari zein ekarpen egin diezaioke?
Albiste agentzia handien eta teletipoen morrontzan bizi da, hein handi batean, gaur egungo kazetaritza. Herri informazioaren inguruan lanean ari diren hainbat egunkarik, aldizkarik eta agerkarik, ordea, beste inork baino hobeto eta azkarrago lantzen dituzte askotan albisteak, gertaeren lekuan, bertatik bertara, zuzeneko informazioa bilduz. Hori guztia hainbat webgunetan argitaratzen da gaur egun, baina nekez biltzen da hori guztia nonbait. Beharrezkoa ikusten genuen herritarrengandik beste inor baino hurbilago dauden komunikabideen informazioa bateratzea. Hori da helburua, eta hori da euskal kazetaritzari egingo dion ekarpena. Azken batean, euskarazko herri informazioaren erakusleiho zabala izango da gaurtik aurrera atari berria.
'www.hitza.info' da helbidea. Hitzen informazioa soilik bilduko al du?
Ez. Bertako Hedabideetan urteak daramatzagu tokian tokiko euskara elkarteekin eta gizarte eragileekin euskarazko komunikazio proiektuak sortzen eta sustatzen. Hitza-k dira azken urteotako lanaren emaitza nabarmenena, eta horien webguneetako informazioa bateratzea otu zitzaigunean konturatu ginen zein atari garrantzitsua izan zitekeen webgune berria. Behin horrelako atari bat abian jarrita, ordea, herren geratuko litzateke euskaraz herri informazioaren inguruan hainbatek eta hainbatek egiten duten lana bazterrean utziko bagenu. Horregatik, hainbat komunikabiderekin elkarlanean ekingo diogu bideari hasieratik, beti ahalegindu garen bezala, eta aurrerantzean ere elkarlanerako ateak zabalik izango ditugu euskarazko herri informazioan lanean ari diren gainerako guztientzat.
Hitzen webguneak berritu zirenean «etorkizuneko kazetaritzaren erronkei» eutsi nahi zietela irakurri genuen. Ildo horri eutsiko dio webgune honek ere.
Bai. Internetek egundoko aukera ematen du gertaerak berehala kontatzeko, eta argazkiak eta bideoak berehala erakusteko. Hori herri informazioan aritzen direnek egin dezakete beste inork baino hobeto, eta Kazetaritza 2.0 kontzeptu hori da webgune berriaren ezaugarri nabarmenena: edizio jarraituaren garrantzia, argazkiak eta bideoak erakustea, irakurleen parte-hartzea sustatzea eta, noski, herritarren iritziek eta albisteek garrantzi nabarmena izatea.
Iban Arregi: "Euskarazko herri informazioaren erakusleiho zabala izango da"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu