Ibarretxe auzipetzearen kontrako ekimenak bultzatuko ditu EAJk, eta PSEk ez du haiekin bat egingo

2007ko urtarrilaren 17a
14:21
Entzun
Ekimen horien bidez politikariak, erakundeak eta herritarrak inplikatu nahi dituztela esan du Josu Jon Imaz jeltzaleen presidenteak. Batasunaren bilera egiteagatik hilaren 31n inputatu gisa deklaratu beharko du Jaurlaritzako lehendakariak, EAEko Auzitegi Nagusian.

EAEko Auzitegi Nagusiak Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria inputatu gisa deklaratzera deitzea "sistema demokratikoen oinarrien kontrako erasoa" dela iritzi dio Josu Jon Imaz EAJko presidenteak, Radio Euskadin. "Oro har, Zuzenbide Estatua eta botere politikoak halako ekintzen aurrean babestu egin behar dia, botere judizialaren bidez botere politikoan esku hartzeko asmoa baitute". Halaber, agintari eta erakundeen politika egiteko eskumenaren murrizketa dela iritzi dio.

Hori dela eta, EAJk Ibarretxe auzipetzearen kontrako ekimenak bultzatuko dituela iragarri du, "politikariak, erakundeak eta herritarrak inplikatuz". Ildo horretatik, datozen egunetan gainerako indar politikoekin harremanetan jarriko direla aurreratu du, gai hau aztertzeko. Ekimen zehatzak astelehenean erabakiko dituzte, batzar berezia egingo baitu jeltzaleen zuzendaritzak.

EAEko Auzitegi Nagusiak desobedientzia delitua egotzita deitu du deklaratzera Ibarretxe, Batasuneko buruzagiekin batzarra egin zuelako. Gai beragatik PSE-EEko buruzagien aurka hasitako auzia bertan behera utzi zuen duela aste batzuk Espainiako Auzitegi Gorenak.

PSE-EEren ezetza

Ibarretxe babesteko EAJk iragarri dituen ekimenetan parte hartuko duten galdetu diote Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiari, eta ezezkoa erantzun du: "ez baita alderdien egitekoa Zuzenbide Estatuko botere independente bati -Justizia hala da- aurre egitea, baizik eta haren prozedura eta ondorioak errespetatu eta betetzea".

Nolanahi ere, Ibarretxeren kontrako auziak aurrera ez egitea espero duela erantsi du Lopezek; hots, Fiskaltzaren eskaria aintzat hartuz epaimahaiak Ibarretxek ez duela deliturik egin ebaztea.

Jaurlaritzako lehendakaria bezala, Lopez bera eta Rodolfo Ares PSE-EEko buruzagitzako kidea auzipetuta egon ziren, Batasuneko kideekin bilera egiteagatik. Prozedura hura bertan behera utzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. EAEko Auzitegi Nagusiak, berriz, Ibarretxeren kontrakoarekin aurrera jarraitzea erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.