Txilen harrapatu du gaurko atentatuak Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria, eta ETAk "marra gainditu" duela esan du, "pertsonen kontra egiteagatik berriro. ETA ez doa inora, iparra galduta du". Euskal gizarteak "bere bidea "egin behar du, haren ustez, erakunde armatuak hori "eragotzi gabe".
Gaurko erasoa "onartezina" dela deritzo, eta "euskal gizartean nazka" sortarazten duela. "ETAk iragan suntsitzailera itzularazi nahi gaitu, hondasunen eta errurik gabeko pertsonen kontra eginez". Gaur bizkartzain baten aurka egin dute eta Ibarretxeri iruditzen zaio bizkartzainek "pertsonen oinarrizko eskubideen alde lan" egiten dutela.
Politika egiteko modua hori den galdetu dio Jaurlaritzak Batasunari
Miren Azkarate bozeramaileak gaitzetzi du Bilboko atentatua Eusko Jaurlaritzaren izenean. ETAri ezer esatea alferrik dela adierazi du Azkaratek, talde armatu horrek mina eta sufrimendua baino ez dituela eragiten iritzita. Aitzitik, galdera egin dio Batasunari: politika egiteko modua hori den itaundu dio.
Azkaratek nabarmendu du egunotan eskubideen urraketekin kexu agertu dela Batasuna, eta esan dio bizitza eskubidea dela guztietan lehena. Ildo horretatik, "horrelapolitika egitea posible" den galdetu dio.
Zauritutako bizkartzainari eta PSEko zinegotziari elkartasuna adierazi die Jaurlaritzaren izenean.
Ibarretxe: "ETA ez doa inora, iparra galduta du"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu