Ibarretxe: "Krisi garaian etorri da ETA eta enpresari bat hil du, bizi osoan lan egin duen pertsona"

2008ko abenduaren 3a
17:46
Entzun
Gogor gaitzetsi du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaurko hilketa, "bizi osoan lan egin duen pertsona bat hil duelako, herriko seme bat". 17:15ean egin ditu adierazpenak, Donostian, Confebask eta Adegi enpresa elkarte, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia eta Jokin Bildarratz Eudel EAEko udalen elkarteko presidentearekin batera egindako agerraldian. "Gainera, krisi garaian gaude, eta etorri da ETA eta enpresari bat hil du. A zer balentria, ezta? Koldarkeria galanta!".

Gipuzkoar eta, oro har, euskal enpresariei babesa eta elkartasuna adierazi die Ibarretxek, eta haiek "behin ere beharrezkoagoak" direla azpimarratu. "Langile denez ere harro gaude".

Gaurkoa "berriz ere benetan egun tristea" izan dela deritzo. "Beraz, irmotasun osoz gaitzetsi behar dugu ETAren atentatua. Azkeneko hau ere ez dugu sekula ahaztuko".

Berriro egin ditu ohiko galderak: "Zergatik? Zertarako? ETAk erantzun gabe ditu galdera horiek. Gure etorkizuna mozteko hil du ETAk berriz ere. Baina pertsona bat hiltzea ez da zilegi".

Bakearen alde segitu behar dela uste du Jaurlaritzako lehendakariak, "bakea eraiki" egin behar dela, "ez baita nahikoa bakea nahi izatea". "Hori da herri honentzat inbertsiorik handiena. Beste herrialde batzuetan bakea posible izan bada, zergatik ez hemen?".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.