Ibarretxek akordioa lortzeko Zapaterori proposatuko dizkion oinarriak aurkeztu ditu

2008ko maiatzaren 9a
15:29
Entzun
Radio Euskadiko Ganbara irratsaioan Juan Jose Ibarretxe Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lehendakariak atzo zehaztu zuen akordio politikoa lortzeko Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari zuzenduko dion proposamenaren mamia. Maiatzaren 20ean bi agintariek egingo duten bilkuran lau ataleko egitasmoa helaraziko dio, eta adostasunera helduko balira, ondoren Eusko Legebiltzarrak oniritzia eman beharko lioke Ibarretxeren hitzetan, eta urriaren 25eko kontsultan euskal gizarteak berretsi egin beharko luke. Loiolako agirietan oinarrituriko proposamena da hein handi batean.

Lehen bi ataletan, indarkeria amaitzeko elkarrizketaren bidean sakontzeko konpromisoa hartzea, eta euskal gizarteak erabakitzen duenaren errespetua eskatzen ditu Ibarretxe lehendakariak. "Printzipio etikoa" eta "printzipio demokratikoa" dira proposamenean azaltzen denez.

Ondoren akordio politikoa hitzartu ahal izateko zutabeak aipatzen ditu. Euskal Herriaren izaera nazionala aitortzea eskatzen du EAEko lehendakariak,hau da, zazpi lurraldez osatuta dagoen nazio gisa onartzea. Ildo horretan, Ibarretxe lehendakariak Espainiako erakundeei eskatzen die "euskal gizarteak demokratikoki hartutako erabakiak" errespeta ditzatela. Galdeketak indarkeriarik egin beharko liratekeela dio txostenean. "Elkarrizketarako eskua luzatua dugu, baina elkarrizketa aintzat hartua ez bada, ez gara geldituko, aurrera jarraituko dugu", adierazi zuen, atzo, Ibarretxek Radio Euskadiko Ganbara irratsaioan."Proiektu guztiak" gauzagarriak izan behar direla dio Zapaterori akordiorako aurkeztuko dion akordiorako egitasmoak.

Bestalde, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan euskararen ofizialtasuna aitortzea jarriko du mahai gainean, eta EAEren eta Nafarroaren artean erakunde legegile eta exekutiboa bideratzea, "legediaren barnean".

Abiapuntu horretatik, alderdi guztiek bazterketarik gabe eremu politiko berria eztabaidatzeko negoziazioak hasiko lituzkete 2010 urtean elkarrekin erreferenduma deitzeko, eta herritarrek alderdien akordio politikoa berresteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.