Nahiz eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak atzera berriz ezezkoa eman dion Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariari honen egitasmoaz, Ibarretxe "baikor" azaldu gaur ere, eta harekin akordioa lortzeko "aukera denak agortu" egin nahi dituela adierazi du. "Garbi hitz egin nuen Madrilen [asteartean izan zen]: esan nuen garaiz gaudela, eta horixe pentsatzen segitzen dut". Bruselan dago gaur Jaurlaritzako lehendakaria.
Ibarretxek 2008ko urriaren 25ean herri galdeketa egin nahi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iazko irailaren 28an Eusko Legebiltzarrean jakinarazi zuenez. Ekainaren bukaerarako Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu gura du.
Lehendakariak bi irizpidetan oinarrituta lortu nahi du akordioa: “Indarkeriari uko egin eta euskal gizartearen nahia errespetatu”. Espainiarekin akordioa lortu edo ez, Ibarretxe ekainaren 27an Eusko Legebiltzarrera joango da: akordioa berresteko edo galdeketa deitzeko. Hor ez badu gehiengoaren babesik jasotzen, EAEko hauteskundeak deituko ditu. Galdeketaren ondoren, alderdi politikoen artean akordio politiko lortzeko fasea abiatuko litzateke, "inolako bazterkeriarik gabe". "Prozesuari amaiera emateko", 2010eko bigarren sei-hilekoan erreferendum "erabakigarria" egitea proposatu du Jaurlaritzako lehendakariak.
Itunerako oinarriak
Ibarretxek duela bi aste Zapaterori bidalitako proposameneko oinarriak:
Naziotasuna. Euskal Herriari, zazpi herrialdeak hartuta, nazio izaera aitortzea.
Erabakimena. Euskal herritarrek beren etorkizun politikoari buruz erabakitakoa errespetatzea Estatuko instituzioek.
Eskubideak. Euskal Herriaren nazio izaera aintzat hartuta, nazioarteko legerian aitortutako eskubide guztiak bermatzea euskal herritarrei. Ildo horretatik, euskara Hego Euskal Herri osoan ofiziala izatea.
Lurraldetasuna. Hego Euskal Herriko lau herrialdeen arteko Organo Instituzional Bateratua osatzea eta euskal herrialdeen artean euroeskualdea osatzea.
Gauzatzea. Akordio politikoaren ondorioak ordenamendu juridikoan jasotzea eta azken berrespena erreferendum bitartez ematea.
Ibarretxek "aukera denak agortu" nahi ditu Zapaterorekin akordioa lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu