EAEko aurrekontuei buruzko eztabaida

Ibarretxek debate politikoa eragotzi duela iritzi dio Otegik

Eusko Legebiltzarrean azken urteetako "itxuragabekeria" handiena gaur gertatu dela esan du

2003ko abenduaren 29a
16:05
Entzun
Hiruko Gobernuaren eta SA Sozialista Abertzaleak taldearen artean, azkenena, ez da akordiorik izan EAEko datorren urteko aurrekontuen gainean, eta, ondorioz, SAk proiektuaren kontra bozkatu du. Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura amaitu eta gero, Arnaldo Otegi SAko legebiltzarkidea haserre agertu da komunikabideen aurrera, eta gogor kritikatu du Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria.

Otegiren arabera, Ibarretxe lehendakariak debate politikoa eragotzi du, eta "bere kapritxoa irtenbideen gainetik" jarri du. Izan ere, SAk uste du Hiruko Gobernua osatzen duten alderdiek —EAJk, EAk eta EB-IUk— eurekin negoziatzeari uko egin izana lehendakariak behartu duela. "Ibarretxeren jarrerak demokraziaren aurreko egoera batera eraman gaitu, non eztabaida edozein izan da ere ez diren edukiak eztabaidatzen, baizik eta Batasunarekin norkhitzegiten duen bihurtu den gakoa", esan du.

Juan Maria Atutxa Legebiltzarreko presidentea ere kritikatu du Otegik. Izan ere, SAk aurrekontuak atalka bozkatzea eskatu du, hain justu, EAk kudeatzen dituen sailen aurrekontuetan abstenitu egin nahi zutelako, hartara, partida horiek aurrera atera zitezen. Atutxak, ordea, bozketa bakarra egitea erabaki du, aurrekontu guztiak osotasunean hartzen dituena. Otegiren iduriko, erabaki hori Eusko Legebiltzarrean azken urteetan izan den "itxuragabekeria" handiena izan da, eta aurreko urteetan aurrekontuak atalka bozkatu direla oroitarazi du. "Atutxak erabaki hori hartu du EAren aurrekontuek aurrera egin zezaten eragozteko", esan du SAko legebiltzarkideak. EAren partidetan abstenituz, alderdi horren jarrera saritu nahi zutela argitu du Otegik, azkenaldion elkarrizketaren aldeko dinamika propio bat hartu duela iruditzen baitzaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.