Espainiako Gobernuak ez ditu begi onez hartu Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak herenegun leporatutakoak. Jose Manuel Soria Industria ministroak ukatu egin zuen atzo Sanchez Galanen argudioa, hau da, Espainian (eta Hego Euskal Herrian) gutxiago inbertituko zuela azken erreforma energetikoek kalte egin diotelako. «Enpresa horrek Espainian ez ezik Erresuma Batuan eta Amerikan ere inbertsioak gutxitu ditu 2009az geroztik», erantzun zuen Soriak. «Hortaz, ez dirudi murrizketa horiek zerikusia dutenik Espainiak 2013an egin duen erreformarekin».
Gainera, Iberdrolarekin baino beste batzuekin kezkatuta dagoela ziurtatu zuen ministroak: «Ez da berri ona enpresa batek irabaziak txikitzea, baina gehiago kezkatzen gaitu milaka enpresak, txikiak eta ertainak batez ere, azken urteotan itxi behar izan dutela, energiaren kostua %60tik gora handitu delako. Horri jarri nahi diogu konponbidea gobernutik».
Obedientziara ohituta
Soria baino zuzenago mintzatu dira beste batzuk, haien artean ELA. Haren arabera, Iberdrolako presidentearen hitzek erakusten dute obedientziara ohituta dagoela. «Argi dago konpainia elektrikoaren burua ohituta dagoela gobernuekin biltzen, zer egin behar duten esateko. Ohituta dago botere ekonomikoak botere politikoaren gainean duen tiraniaz jokatzen, edo bestela esanda, demokraziaren aurka jarduten».
Sanchez Galanen kexuak justifikazienak direla uste du ELAk. «Elektrikoen etekinak, Iberdrolarenak barne, itxuragabeak» dira, «familien bizkar» egindakoak. «Pobrezia energetikoa hedatu da. Antza horrek ez du Sanchez Galan batere kezkatzen». Sindikatuak gogorarazi duenez, 2013an balantzeak eguneratzearen truke 326 milioiren zergak ordaindu zituen iaz Iberdrolak, eta horren truke datozen urteotan 1.500 milioi gutxiago pagatuko ditu. «Harritzekoa da Sanchez Galanek esatea iaz zerga gehiago ordaindu zuela esatea, benetako zergatia azaldu gabe: etorkizunean aurreztuko duen dirutza».