Iñigo Lamarca EAEko arartekoaren iritziz, "onartezina" da arlo administratibo eta politikoan ez egotea inolako erantzukizunik. Onda Vascan egindako adierazpenetan esan du urtebeteko epea "gehiegizkoa" dela Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zen gazte baten familiarentzat. Gaineratu du sendiari oraindik ez diotela gertatutakoa "kontatu".
Gainera, Arartekoak azaldu du hark hasitako ikerketa "lapurtu" egin ziola Rodolfo Aresek gidatzen zuen Herrizaingo Sailak, ez zietelako "eskatutako informazioa" eman. Autopsiak baieztatu zuen ertzainen pilotakada batek hil zuela Cabacas. Aresek, ordea, Arartekoa auzian urrunegi joan zela adierazi zuen: "Zuhurrago aritu behar luke".
Arartekoak gogor kritikatu zuen Herrizaingo Sailak Cabacasen auzian izandako jarrera, baita Xuban Nafarrateren kasuan izandakoa ere.