Hemeroteka

Ikuspegiak adina irakurketa

2017ko irailaren 7a
13:56
Entzun

Erreferendumaren Legeak hartu ditu gaur komunikabideetako titulu nagusiak, ez bakarrik Katalunian, baita nazioartean ere. Gaiaren irakurketari dagokionez, ordea, era guztietakoa da. Batzuek historikotzat jotzen dute erabakia, eta besteek estatu kolpe batekin alderatu dute. Hemen adibide batzuk:

El Punt Avui

Urriaren 1erako deituak. Horrela titulatu du El Punt Avui-k gaurko azala, eta argazkian, berriz, atzoko bozketaren emaitza ikus daiteke. Egunkariak atzoko eguna "historikoa" izan zela nabarmendu du, eta oposizioaren jarrera ere kritikatu du, gogoraraziz "tratu txarrak" jasan izana salatu zutela, baina bozketaren unean alde egin zutela, euren eskubideaz baliatu beharrean.

La Vanguardia

Gobernuak urriaren 1erako deialdia egin du gehiengoa inposatu ostean, titulatu du La Vanguardiak. Egunkariak zehazten du proposamenak ganberako gehiengoaren babesa jaso zuen arren Juns Pel Sik eta CUPek "saihestu" egin zituztela abokatuek eta Estatutu Bermeen Kontseiluak erabakiaren aurka aurkeztutako txostenak. Bide batez, nabarmendu du "talka" izan zela oposizioaren eta gehiengo independentistaren artean.

El Mundo

"Espainia zartatzeko" helburuarekin "demokrazia bahitu" izana egotzi dio El Mundo-k Kataluniako Parlamentuari.

Gogorragoa da Espainiako egunkariaren editoriala. Bertan "kolpea" eman izana leporatzen die independentistei, eta "sendotasunez" jokatzeko eskatzen die instituzioei: "Beldurgarria izan zen diputatu independentistak ukabila altxatuta Els Segadors abesten ikustea. Eraso totalitario batek botere publiko guztien erantzun irmo eta sendoa eskatzen du".

El País

Independentistek "beren erreferenduma inposatu" dutela dio El País-ek gaurko zenbakian, eta argazkia ere adierazgarria da. Izan ere, oposizioko kideak ageri dira, Ines Arrimadas Ciudadanoseko diputatua buru dutela, Carme Forcadell parlamentuko presidenteari erregutzen.

Testuan, berriz, zehaztu du oposizioak "demokraziari eginiko erasotzat" jo zuela prozedura, eta haien "salaketari erantzunez" Rajoyk kontsulta legez kanpokotzat jotzeko eskatu ziola Konstituzionalari. Bide batez, azpimarratu du Ciudadanosek eta Alderdi Sozialistak "babes argia" agertu diotela Espainiako Gobernuari.

Abc

Estatu kolpea parlamentean titulua aurki daiteke Abc-ren azalean. Ohikoa duten moduan, gai bakarrarekin zabaldu dute egunkaria, eta irudian legebiltzarra ageri da, oposizioko eserlekuak hutsik direla. Hemen ere, Espainiako egunkari gehienetan bezala, erreferendum legea "inposatu" egin zutela diote, eta nabarmendu dute mossoen %85 ez daudela "legea betetzeari uzteko prest".

El Diario Vasco

Parlamentuaren irudia aukeratu du egunkari honek gaurko zenbakirako. Hemen ere oposizioaren eserlekuak hutsik ikus daitezke, eta hala dio tituluak: Katalunia amildegira atera da.

Jaurlaritzaren erreakzioaren berri eman du egunkariak: "Kezkatuta dago Eusko Jaurlaritza Kataluniako egoerarekin, eta Erregeak esku hartu beharko lukeela uste du". Editorialean, berriz, zehaztu du Generalitateko instituzioek badutela aukerarik Katalunari "arrazionaltasun politikoa" itzultzeko.

Deia

"Mehatxu politikoak eta zalantza juridikoak" eraman ditu azalera Deia-k, eta Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordearen esana irakur daiteke bertan: "Izugarrikeria hau gelditzeko mekanismo guztiak abian jarri ditugu". Haren ondoan, berriz, Carles Puigdemonten gobernuruaren hitzak: "Haien erregimenak ordezkatzen duen 'amenazokrazia'-ren aurka, demokrazia".

BBC

Nazioartean ere izan du oihartzunik Erreferendumaren Legearen eztabaidak. Erresuma Batuko BBC kateak webguneko azalera eraman du. "Kataluniako diputatuek independentziarako erreferenduma babestu dute", dio lerroburuak, eta jarraian azaltzen du Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko "talka" izan dela, azken horrek bozketa legez kanpokotzat jotzea nahi duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.