Haurreskolak partzuergoak Eibarren duen egoitzakoak dira irudiak; ehunka lagun gaua kalean igarotzen. Larrialdi neurri gisa, partzuergoak astelehenean erabaki zuen ordezkapenen zerrenda zabaltzea. Gaur 09:00etan zabaldu da epea, eta asteazkenean amaituko da. Eta bihar ere izena emateko aukera egongo bada ere, 500 lagunek baino gehiagok eman dute jada izena, eta ez daude horrenbeste lanpostu ordezkatzeko.
Horrek eragin du jendetza joatea egoitzak ateak zabaldu baino lehenago. Elkarrekin Ahal Dugu-k eta LAB sindikatuak salatu dutenez, 500 lagun zeuden zain 08:00etarako.
Ordezkapenen zerrenda osatzeko, partzuergoak aintzat hartu du izena emateko ordena; horregatik zegoen jendea astelehenetik zain. Hain zuzen, irizpide hori erabili izana salatu du Elkarrekin Ahal Dugu-k. Gogorarazi du 2011z geroztik ez direla zerrenda horiek zabaltzen, eta "aurreikuspen" falta egotzi dio Jaurlaritzari.