ETAren balizko su-etena eta halakorik gertatuko balitz Espainiako Gobernuak hartuko lukeen jarrera izan zen atzo gauean TVE Espainiako telebista publikoan Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteari egin zioten elkarrizketaren ardatzetako bat. Su-etenaren inguruko zurrumurruen inguruan zuhur agertu zen Zapatero, baina esan zuen "esperantzaren alde ilusiorik egin gabe" lan egiteko unea dela. Halaber, adierazi zuen "ETAren indarkeria amaiarazteko aukera txikiena" sortzen bada aurrera egin dezan ahalegina egingo duela bere Gobernuak.
Hain zuzen ere, Espainiako aurreko gobernu batzuk —Felipe Gonzalezenak eta Jose Maria Aznarrenak— halako aukerak zabaldu zirenean haiek baliatzen saiatu zirela nabarmendu zuen Zapaterok, eta "aukera" haiek "su-eten egoeratan" gauzatu zirela agertu zuen.
Ildo horretatik, zuhur agertu zen azken egunotan ETAren balizko su-eten baten inguruan zabaldu diren zurrumurren inguruan. Nolanahi ere, "esperantzaren alde ilusiorik egin gabe" lan egiteko unea dela esan zuen. "Gertakariak eta Gobernuak duen informazioa —logikoki, zuhurtzia eta ardura marko bat behar duena— baino ez ditut kontuan hartzen. Baina berriro diot ez dela ilusiorik egin behar, baina esperantzaren alde lan egin behar dela", azpimarratu zuen.
ETArekin harremanak izateko baldintza indarkeriari uko egitea dela berretsi zuen. "Argi eta garbi esan nion lehenengoan Donostian ETAri armen eta atzokoa [herenegungoagatik] bezalako bonben arrabotsak eteten ez diren bitartean, indarkeria gaitzesten ez duten bitartean, ez Gobernuak, ez gizarteak, ez diela entzungo", azpimarratu zuen.
Egun Espainiako Gobernua bake prozesu batean murgilduta zegoenetz galdetu ziotenean, "bake prozesu batean sartzeko" lan egin behar dela erantzun zuen Zapaterok.
"Indarkeria amaitzeko aukera txikiena" sortuz gero hura bultzatzen saiatuko dela adierazi du Zapaterok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu