Bizkortzen eta hazkundea pilatzen ari da industria ekoizpena 2016an. Martxoko %4ko igoeraren eskutik, igo egin da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jarduera urteko lehen hiruhilekoan, iaz tarte berean baino %5,1 gehiago. Eustaten arabera, hori bai, urtaroen eragina zuzenduta %0,2 baino ez da hazi ekoizpena, otsailaren aldean.
Energia ekoizpena %11,9 handitu da iaztik, eta ekipo ondasunena, %6. Ekonomian pisurik handiena duten sektoreen artean, berriz, garraio materialek (%17,7) eta energia elektrikoak, gasak eta lurrunak (%8,3) eduki dute igoera nabarmenena. Jaitsiera bakarra material eta ekipo elektrikoetan (-%4,4) jazo da. Azpisektoreetan, ordea, siderurgiak beheranzko joera areagotu besterik ez du egin: -%19 murriztu du ekoizpena.
Bilakaera "ukaezina"
Urte arteko datuak lurraldeka aintzat hartuz gero, positiboa izan da bilakaera hiru lurraldeotan: Araban %14,8, Bizkaian %1,3 eta Gipuzkoan %1,2 igo da industria ekoizpena, iazko martxoarekin alderatuta. Otsaileko datuekin konparatuta, halere, Gipuzkoan baino ez da jaitsi jarduera: -%1,8.
"Nahiz eta batzuek alde ilunak argiak baino gehiago nabarmendu, bistakoa da bilakaera positiboa izaten ari dela. Ukaezina da". Batez ere, energia ekoizpena "horrenbeste" handitzeak poztu du Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburu Arantza Tapia.