ING bankuak Herbereetako Gobernutik 10.000 milioi euro jaso ondoren, %20 igo da gaur banku horren kotizazioa Amsterdamgo burtsan. INGko arduradunek eta Herbereetako Gobernuko buruzagiek atzo jakinarazi zuten operazio horren berri, bankuko arduradunek urteko hirugarren hiruhilekoan "finantza krisi orokorraren" ondorioz galerak izan zituztela onartu ondoren. Zehaztu ez duten arren, 500 milioi ingurukoak lirateke galera horiek. Ostiralean %27 jaitsi ziren INGren akzioak, galeren inguruko zurrumurruak zabaldu ostean.
Dena den, INGk ez duela porrot egiteko arriskurik agertu zuten atzo bankuko arduradunek, eta, egoera hobetzeko baino ez dutela onartu Gobernuaren dirua. Kapital sartzearen truke, INGko kontrolaren zati bat hartuko du Herbereetako Gobernuak.
INGk mundu guztian ditu bezeroak, eta Internet bidez aritzen den banku nagusietako bat da. Euskal Herrian ere bezero asko ditu. Lasaitasunerako deia egin du, denen aurrezkiak bermatuta daudela ziurtatuz.
INGren burtsako kotizazioa %20 igo da estatutik 10.000 milioi euro jaso ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu