Instituzioei begirunea eta leialtasuna agertuz gero, Carod-Rovirak Kataluniako Gobernura itzultzeko aukera izango duela esan du Maragallek

ETArekin bilduz hutsegiten handia egin arren, ERCko buruak "borondate onez" jokatu zuela uste du Kataluniako presidenteak

2004ko otsailaren 2a
13:28
Entzun
Pasqual Maragall Kataluniako Gobernuko presidente eta PSCko buruzagiaren iduriko, Josep Lluis Carod-Rovira ERCko buruak "borondate onez" jokatu zuen ETArekin bildu zenean. Espainiako Ser irratian egin ditu adierazpen horiek Maragallek. Hain zuzen ere, ETArekin biltzean Cardo-Rovirak "hutsegite handia" egin zuela azpimarratu du, baina fede onez jokatu zuela. Ildo horretatik, baldin eta instituzioei begirunea eta leialtasuna adierazten badie, ERCko buruak Kataluniako Gobernua itzultzeko aukera izango duela nabarmendu du Kataluniako presidenteak.

"Carod-Rovirak atea irekita dauka. Izan ere, hutsegite handia egin duen arren, uste dut fede onez jokatu zuela, eta bere asmoa ez zela inoren sinesgarritasuna kaltetzea eta Kataluniako Gobernuaren egonkortasunari min egitea", adierazi du Maragallek Ser irratian.

Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusiak Carod-Rovira kargutik kentzeko eskatu zionean ea harekin haserretu zen galdetu diote Maragalli. Ezezkoa erantzun du, baina argi utzi ziola erabakia berak hartuko zuela. "Ez nintzen haserretu, baizik eta argi eta garbi esan nion egin beharrekoa egingo genuela, eta herrialdeari ez zitzaiola komeni inork ni ezertara behartzea", azpimarratu du.

Krisia krisi, etorkizunera begira itxaropentsu agertu da Maragall, eta esan du, benetan sinetsita dagoela urtebeteko epean Kataluniako estatutu berria izango dela mintzagaia. "Urtebeteko epean Kataluniako estatutu berriaz, eta Espainia gobernatzen duen gehiengo berri bati buruz ariko gara hizketan. Halaber, Madrilek, Kataluniak, Euskal Herriak eta Andaluziak osatutako eta ondo funtzionatuko duen laukiaz. Izan ere, EAJko lehendakari berria espiritu berri bat ari da adierazten, Manuel Chavesek berriro lortuko du gehiengoa Andaluzian, Gobernua sendotuta egongo da Katalunian eta Zapaterok gidatuko du Espainiako Gobernua".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.